Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Zaborra

Gogoan dut duela urte batzuk hautsak harrotu zirela Bizkaiko liburutegi garrantzitsu batek jadanik nahi ez zituen edo biltegian gorde ezin zituen liburuak zuzenean zaborrontzira botatzen zituela zabaltzean. Liburuak zakarrontzira botatzea kultura bera zakarretara botatzearekin konparatu zuten askok. Liburuak, jakintzaren iturri, zabalpen eredu eta metafora diren aldetik, ezin dira edonola desagerrarazi. Behin baino gehiagotan aurkitu dut neure burua gehiago behar ez edo etxe aldaketa bakoitzean –azken hiru urteetan hiru aldiz gertatu da hori– nirekin eraman ezin nituen liburuekin zer egin erabaki ezinik. Ezin zaborretara bota, kontzientzia txarrarekin utziko nindukeelako, eta beraz, liburutegiren bati ematea izan da lehen aukera beti. Liburutegi bati liburuak dohaintzan ematea ez da dirudien erraza. Kontuan hartu behar dute tokirik baduten eta beren erabiltzaileen profilarekin bat datozen liburuok. Teoria liburuak ematearekin ahaztu. Nork irakurri nahi ditu horrelakoak?

Liburutegiek kale egiten dutenean, gobernuz kanpoko erakundeak izaten dira bigarren aukera, baina hauek nonbait nazkatu dira besteek nahi ez dutenaren biltegi/zaborrontzi izatearekin. Oxfamek, esaterako, “The Da Vinci Code” eta “Fifty Shades ofGrey” nobelen kopia gehiago ez dituela jasoko erabaki du, inolako probetxurik atera ezin dietelako. Aukeran nahiago dute binilozko diskoak jaso, GKE-ek errazago sal ditzaketelako. Dohaintza sistema bidez funtzionatzeak ez du esan nahi irizpiderik ez dutenik.