Ariane KAMIO
DONOSTIA

Haur literatura gogoetatsua, abentura soilez harago

Elkar argitaletxeko Xaguxar bildumak hiru hamarkada bete ditu eta dagoeneko 226 ale dira sailean argitaratutakoak. Azken ekarpenak Pello Añorgak, Alaine Agirrek eta Xabier Mendigurenek, Maribel Aiertzak eta Leire Bilbaok egindako lanak dira.

Zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrei irakurgaiak eskaintzen hogeita hamar urte bete ditu Elkar argitaletxearen Xaguxar bildumak. «Hasieran itzulpen asko zegoen, beharrari erantzuteko. Baina gaur egun ia denak bertako idazleen lanak dira», aipatu zuen Antxiñe Mendizabal editoreak. Horrek esan nahi du, hain zuzen, belaunaldi batek gutxienez izan dituela bilduma horretako lanak irakurgai.

Aipatutako datua lau liburu berriren aurkezpenean erabili zuen ahotan Mendizabalek, «egunerokoan ez baikara ohartzen zenbat lan argitaratzen ditugun, eta dagoeneko badira 226». Bilduma handitzera datoz, beraz, Leire Bilbaok, Alaine Agirrek eta Xabier Mendigurenek, Maribel Aiertzak eta Pello Añorgak idatzi dituzten lau lan berriak.

“Pikondoaren balada” –Lizardi saria 2016– da Bilbaoren azkena, Maite Mutuberriak ilustratutakoa. Pikondotik jaisteko gogorik ez duen Lukas da protagonista, eta han goitik bere iloba Martinarekin partekatzen dituen gogoetak dira liburuaren funtsa. Hondoan, gerra baten lehertzea, Mutuberriaren estilo poetiko eta irudimentsuarekin ilustratutako lanean.

Maribel Aiertzak parapentean jauzi egin du Jokin Mitxelena ilustratzailearekin batera. Berea du “Armiarmak parapentean” lana. Gabriela eta Abelardo anai-arrebak diren armiarmak ditu protagonista, eta parepentean egingo dute jauzi, abenturaz betetako bidaia batean murgiltzeko. Nahita eta nahi gabe erantsitako gogoetarako gaiak ere badira bertan. «Neronek jauzi librea egin nuen Abelardo eta Gabrielarekin, asko pentsatu gabe», nabarmendu zuen atzo egileak.

Alaine Agirrek eta Xabier Mendigurenek elkarrekin sinatu dute Munstro Txikiak bildumako lehen alea, “Hagintxoren tripako mina”. Beldurrezko pertsonaia klasikoetara hurreraketa bat egin dute, Munstroen Eskolan dabiltzan pertsonaiekin. Ilustratzailea Belatz izan da.

Pello Añorgak, bere aldetik, –Mikel Valverderen margoekin– “Astroak gara” lana osatu du. Aldundiaren enkarguz bi urte egin zituen eskolaz eskola ipuin kontaketetan eta hortik eratorri da bere sorkuntza. Haur senegaldar baten gorabeherak ditu mintzagai.