Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Kilian JornetenEveresteko igoerek protagonismohandia izan dute

Mendizale katalanak 26 ordu behar izan ditu Rongbukeko monasterioa eta Everesteko gailurra lotzeko. Era horretan, Jornetek errekor berria ezarri du.

Himalaiako zortzimilakoen montzoi aurreko denboraldia amaitzen ari den honetan, Kilian Jornetek protagonismo berezia izan du. Eta, zalantzarik gabe, katalanak Everesten egin berri duen jarduerak beste mendizale batzuen igoerak bigarren mailan utzi ditu.

Aitortu behar da Himalaiako erraldoietan orain arte lehen lerroko jarduerarik ez dela izan. Batzuek, bederen, “hamalauak” bezala ezaguna den xedea bukatu dute; gainera, oxigeno gehigarria erabili gabe. Lehenak Nives Meroi eta Romano Benet italiarrak izan dira. Annapurnarekin bukatu dute zerrenda. Peter Hamor eslovakiarrak, berriz, Dhaulagiri izan du azkena. Eta Azim Geychisaz irandarrak, Lhotse.

Azkartasunaren aldeko apustuei dagokienez, David Gottler eta Herve Barmassek osatutako sokadak Shisha Pangmaren hego-mendebaldeko aurpegia 13 orduan igo du. Estilo arinean eginiko jardun horrentzat, alpinistok 1995. urteko katalanen “Girona” bidea aukeratu dute. Aipatu behar da, elurroldeen arriskuagatik, gailurretik hiru metrora geratu direla.

Baina hedabide ia gehienak Jornetek iragarritako xedera begira ziren. Everesten azkartasuneko errekor bat ezarri nahi zuen. Eta, jarduera osorik borobiltzeko aukera izan ez badu ere, lortu egin du. Iaz saiatu zen, baina saioa bertan behera utzi zuen. Orain, Cho Oyun girora egokitu ondoren Everestera abiatu zen. Tibetetik igotzea erabaki zuen; hots, mendiaren ipar isurialdeko ohiko bidetik.

26 ordu

Kirolari katalanak iaz izaera horretako saio bat egin zuen, baina etxera esku hutsik itzuli zen. Aurten, berriz, bere erronka “erdizka” geratu zaio. Helburua, berez, Rongbuk monasterioko kanpaleku nagusitik irten (5.100 m), Everesteko gailurra egin eta kanpaleku nagusira itzultzea zen. Baina hori guztia ezin izan du lortu. Bederen, “arantza” hori kentzeko, azkartasuneko errekorra ezarri du, oinarrizko kanpalekua eta munduko mendirik garaienaren tontorra lotzeko soilik 26 ordu behar izan dituelako.

Jarduna maiatzaren 20an hasi zuen, Tibeten gaueko hamarrak zirenean. Gogoratu behar dugu aipatutako monasteriotik kanpaleku nagusi aurreraturaino 30 kilometro eta 1.500 metroko goranzko desnibela dagoela. Biharamunean, gauerdian, gailurra zapaldu zuen, eta, kanpaleku nagusi aurreratura iritsi zenean, jardun osoaren helburua bertan behera utzi zuen.

Jornetek adierazi du igoeran zehar arazoak izan zituela: «7.700 metroko kotara arte ondo joan nintzen, baina hortik aurrera dena aldatu zen. Ziur aski urdaileko birus batek harrapatu eta ahuldu ninduen. Erritmoa erabat moteldu behar izan nuen, eta, errekuperatu ahal izateko, geldiune asko egin nituen. Bederen, gauerdi aldera, tontorra zapaldu nuen».

Argi dago osasun arazoak izan zituela, bestela ezin da ulertu gailurretik kanpaleku nagusi aurreratura jaisteko 12 ordu behar izatea. Alabaina, katalanak onartu du plazera eta ohorea izan zela gailurra igotzea: «Nahiz eta bide guztia soka finkoekin ekipatuta zegoen, nik ez nituen erabili, eta hori egitea ez da batere ohikoa. Eta, jakina, oxigeno gehigarririk gabe aritu nintzen. Horrez gain, tontorrean bakar-bakarrik nengoen. Baina gailurrean ezin nuen denbora gehiegi pasatu, eta jaisten hasi nintzen. Onartu behar dut Everestera oso ondo prestatuta eta girora egokituta iritsi nintzela. Eta, gainera, iazko saioan ez bezala, eguraldiak asko lagundu du».

Bada, balentria ez zen hor geratu: aste berean berriro igo da Jornet gailurrera, oraingoan 6.500 metroko altueratik hasi eta ibilbidea 17 ordutan osatuz.