GARA
GASTEIZ

Arte garaikidea eta kultura sustatzeko sortu da ARTgia

Gasteizko eta Arabako kultura dinamizatzeko eta sorkuntza lanerako espazio berri bat irabazteko helburuz jaio da ARTgia gunea. Irantzu Lekue artista plastikoak sustatutako egitasmo honek hiru zutoin izango ditu: arte garaikidea, kultura eta euskara.

Orokorrean Arabako eta bereziki Gasteizko kulturarentzat espazio berri bat irabazteko asmoz sortu du Irantzu Lekue artista plastikoak ARTgia espazioa. Judimendi auzoko 62 metro koadroko lokal bat goitik behera eraberritu eta, urtebeteko lanaren ostean, sorkuntza artistikorako espazioa eta aldi berean erakusketa-areto izango den kulturgunea izan nahi du, eta eta atzo aurkeztu zuten jendaurrean.

Lekueren hitzetan, ARTgia «etengabeko eraikuntzan» dagoen espazioa izango da, «gardena, malgua, non dena gerta daitekeen», eta espazioak bete beharko lituzkeen helburuak ere garbi ditu artista gasteiztarrak: «Sortzeko baldintzak bultzatzea, toki katalizatzaile bat izatea, trukeak, elkarrizketak eta esperimentazioa bultzatzeko, sormena oinarri eta sorkuntza garaikidea helburu».

Azken urteetan, Gasteizko hainbat arte galeriaren itxierak utzitako hutsuneak eta artistei bideratzen zitzaizkien laguntza publikoen murrizketak kezka eragin du hiriko eta orokorrean Arabako sortzaileen artean eta, hala, Gasteizen zenbait egitasmo pribatu –Baratza eta Zas kultur espazioa kasu– abiatu dira hutsune horiek bete eta artistek sortze lanerako eta euren lanak erakusteko espazioak izan ditzatela bideratzeko. Lekueren hitzetan, helburu horrekin bat egiten du ARTgiak ere. «Behar bati erantzun nahi dion espazioa da. Gasteizek kultur sorkuntzarako lekua behar zuela erakusten digute egunotan jasotako proposamenek», azaldu du, eta, hala, aretoaren jendaurreko aurkezpena atzo izan bazen ere, jada hainbat ekimen hartu dituela nabarmendu zuen: “Orainaldian” laissez faire tailerraren aurkezpena, Lakuaren “Ikertu” egitasmoaren barneko hainbat bilera eta Eider Bernaola argazkilariaren “Ikuspegiak” proiektuaren aurkezpena, esate baterako.

«Gune bizia da eta, ondorioz, moldakorra: ingurunera, auzora eta prozesu artistikoetan eta denboran zehar sortzen diren beharretara», azaldu zuen eta nabarmendu zuen zeregin horretarako komunikazio hizkuntza euskara izan dadila ere garrantzitsua dela berarentzat.

Egonaldi artistikoak

Sortzaileei zuzendutako lekua da ARTgia. Sortzaileen beharrei erantzuna emateko abiatu dena. Hala, bileretatik hasi eta proiekzioetaraino, sorkuntza prozesuarekin eta honen emaitzarekin zerikusia duen oro ongi etorria izango da. «Ziklo sortzailearen ia fase guztiak aseko ditu: sorkuntzatik zabalkundera, prestakuntza tarteko, eta lan-prozesuak erakutsita», nabarmendu zuen Lekuek.

Hala, ekimen pribatutik jaiotako ekimena bada ere egitasmoa «irekia» izango dela baieztatu zuen eta proiektuaren zuzendaria Lekue bera izango bada ere talde eragile bat eratuko da espazioa kudeatu eta sortzaileei laguntzeko. Eta dagoeneko jarri dute martxan lehen egitasmoa: atzo aurreratu zuenez, ARTgiaren instalazioetan sorkuntza fasean dauden proiektuak hartu eta sortzaileei laguntza-zerbitzua eskainiko zaie euren ibilbide profesionala garatu dezaten.

«ARTgia jaio da aukerak irekitzeko nahiarekin, sortzaile gazteenek ere izan dezaten aukera lehen urratsak egiteko», esan zuen artista gasteiztarrak. Tresna gisa artisten arteko trukeak, egonaldi artistikoak, erakusketa-jarduerak, prestakuntza-tailerrak eta topaketa zein jardunaldi berezituak izango direla ere gaineratu zuen eta horren guztiaren berri «laster» emango dutela ere zehaztu zuen: «Sanferminetarako lehen deialdia argitara ematea da asmoa», iragarri zuen.

Ekainean, emakumezkoak protagonista

«Gaztetasuna, emakumezkoen taularatzeak eta esperientzia eskutik helduta». Hala laburbildu dute ARTgia kultur espaziotik ekaineko agendak «momentuz» barnean hartzen dituen proposamenek oinarrian bateratzen dutena. Izan ere, hiru emakume gazteren proiektuak hartuko ditu Judimendi auzoan ireki den areto berriak iristear den hilabetean. Hala, ekainaren 9ra bitartean, Eider Bernaola argazkilari artistikoaren proiektua izango da ARTgian. Ekainaren 14an, bestalde, aretoaren sortzea bideratu duen Irantzu Lekue artista plastikoak une honetan Baigorriko Etxauzia jauregian garatzen ari den “Arnasa 01” seriaren aurkezpena egingo du. Gaineratu duenez, Gasteizko aretotik pasatu ostean Euskal Herrian barnako bira abiatuko du.

Azkenik, eta oraindik data zehatzik eman ez badute ere, Belen Nevado antzezle gasteiztarrak ere zenbait mikro-antzerki oholtzaratuko ditu aretoan bertan ekainean zehar. GARA