Aitor Agirrezabal
Kazetaria
IKUSMIRA

Ilusioa eta auzolana, etxerako bidean gidari

Euskal Herriak sekula ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena. Azkar esaten da. Hilabete ugari dira Hatortxu Rock 20 antolatzen gabiltzala eta gero eta gertuago dugu uztaileko zita. Ahaztezina izango da uztailaren 27tik 30era biziko dena, baina gogoangarria ere denbora guzti honetan bizitzen ari garena. Irakaspen handia izaten ari da, galbidean ikusten ditudan hainbat tresna berreskuratzeko bidean jarriko dituena. Ilusioa eta konpromisoa. Eta horiekin batera, auzolanak ahalbidetuko du HTX20. Espiritu honek, herritarron arteko elkarlanak, Hatortxutik harago, euskal gizartea helmuga handiak lortzera eraman dezake.

Ezin dugu ahaztu: Hatortxu Rock ez da ez ezeren ez inoren helburu. Ez da ezeren ez inoren amaiera. Tresna bat da. Dispertsioaren aurkako borrokan eratzen ari garen tresna erraldoia, hain zuzen ere. Tresna honek esku ugari behar ditu eratua izateko, eta are eta esku gehiago gero erabilgarria izateko. Dispertsioarekin amaituko badugu, etxera ekarriko baditugu, denon artean egingo dugu. Estatuak eroso daude gaur egungo egoeran eta herritarrak, elkarlanean, izan beharko gara gurpil hori mugitzen hasiko garenak. Gurpil hori mugitzeko zurrumurruak zurrumurru, etxea dugu helburu.

«Auzolana da gure iraganaren ondarea, orainaren lanabesa eta etorkizunaren giltza». Hala dio Amaiurko armarriak. Mendeetan jasotako ondare honi esker iraun dugu herri gisa eta soilik indarrak batuz egingo dugu aurrera, Amaiur eta Lakuntzatik pasatzen baita etxerako bidea.