Maskotak, haziak eta eztabaidak, etxeko txikienen begietan
Irakurle berrientzat bi ipuin eta hurrengo mailakoentzat bat argitaratu berri ditu Elkarrek. Irentsitako sagar hazitik zuhaitza ernatzearen kezka, haurrek maskotekiko duten lotura eta gurasoen banantzea aztertu dituzte Paddy Rekaldek, Txabi Arnalek eta Ana Jakak.
Helduenarekin alderatuz munduarekiko bestelako ikuskera dute haurrek eta, hain zuzen, mira horretara gerturatu eta haurrei euren hizkuntzan hitz egiten dieten hiru liburu argitaratu berri ditu Elkar argitaletxeak: Paddy Rekalde eta Iosu Mitxelenaren “Eta sagarrondoa banintz?”, Txabi Arnal eta Enrique Morenteren “Hodeietan” eta Ana Jaka eta Alex Orberen “Ixon”. Lehen bi argitalpenak irakurketan hasi berriak diren haurrei bideratutako Batela sailaren barnean kokatu dituzte eta Jakarena, aldiz, hurrengo urratsera begirako Kuku bildumaren barnean. «Hiru liburu ezberdin, txikienen fantasia eta irudimenera hurbiltzeko», ziurtatu zuen Elkarreko editore Antxiñe Mendizabalek.
Rekaldek haurren beldurrekin eta irudimenerako gaitasunekin jolastu du “Eta sagarrondoa izango banintz?” osatzeko. Bere hitzetan, helduentzat inportantziarik ez dutenak arazo larri bilaka daitezke umeen begietara eta, hain zuzen, bere protagonistak ataka estuan ikusiko du bere burua sagar hazi bat irentsi ostean: «Entzuna du zelan hazietatik landareak eta zuhaitzak sortzen diren eta hor amaitzen da bere logika guztia: sagar hazia irentsi duenez, pentsatzen du gerta daitekeela bere barrutik sagarrondoa ernatzea edo bera sagarrondo bilakatzea. Ume txiki baten logikatik edo mundu ikuskeratik idatzia dago», azaldu zuen Rekaldek.
Amona izango da haurra lasaituko duena, txarrenera sagarrondo bilakatzen bada ere inguruan txori habiak eta katagorriak izango dituela biziko dela esan ostean: «Umearen pentsamenduaren malgutasun horri esker, arazoa une gozo bilakatzen da», esan zuen.
Irudiak Iosu Mitxelenak jarri dizkio. Bi plano edo estilo erabili ditu ipuina ilustratzeko, bata errealistagoa eta bestea haurraren fantasiazko mundura hurbiltzen dena: «Protagonista, Anartz, bi estilotan marraztu dut. Batean, errealistagoa, benetan gertatzen ari dena eman dut, eta bestearen bidez, haurrak irudikatzen duen mundua», azaldu zuen. Hala, bigarren estilo horretan zuhaitz bilakatzen ari den haurra irudikatu du, hosto eta adaxkez josia.
Loturak
“Hodeietan” liburuaren nondik norakoak Mendizabalek eman zituen, Arnal eta Morentek ezin izan baitzuten aurkezpenean egon. Azaldu zuenez, ipuinak mutiko batek bere bi maskotekin duen harremana du hizpide. «Maskotak baino lagunak ditu eta egun batean, deskalabru baten ondorioz, txakurra hodeietan desagertzen da eta txoria, aldiz, katu batek jaten du». Mendizabalen hitzetan, istorioak badu umoretik ere eta egileak haurrek maskotekin sortzen dituzten loturez mintzatu nahi izan du. Horretarako, hizkera zuzena erabili du Arnalek: «Testu gutxi du ipuinak, baina inpaktu handikoa», esan zuen Mendizabalek.
Jakak, azkenik, irakurketan urrats bat emana dutenei begira idatzi du “Ixon”. Mendizabalen hitzetan, ipuinean hitzen garrantziaz eta isiltasunaren balioaz hitz egiten du Jakak, baita gaizki esandako hitzek eragin dezaketen minaz eta ondo esandakoen onuraz ere. Izan ere, Ion da ipuineko protagonista baina denek Ixon deitzen diote, beti isilik egoten delako. Halako batean, gurasoen arteko eztabaidek mututasunera eramango dute mutikoa eta musikan eta lagunengan aurkituko du lehengora itzultzeko babesa.
«Mutila izateak badu bere garrantzia –nabarmendu zuen Jakak–, askotan sentimenduak adierazteko gaitasuna neskek bakarrik dugula uste baitugu. Mutil sentibera da protagonista. Gatazka oso fuerte bat bizi dugunean batzuetan galdu egiten gara eta Ion Ixon izatera pasatzen da». Gaineratu zuen gurasoak banandu aurreko eztabaidetan hartu duela ipuina idazteko oinarria, maiz banantzea iristen den unera arte ez baita gertatzen ari denaz hitz egiten. «Tabu edo isiltasun bat bada, eta ni saiatu naiz horrekin hausten», azaldu zuen.
Hala, mutila basora joango da bere barne gatazkari irtenbidea bilatzera eta bertan metalzale batzuek lagunduko diote isiltasunarekin hausten.