Jose Angel ORIA

Trumpek salbatuko dituen lanpostuak baino gehiago galduko dira AEBetan

Pariseko Itunetik ateratzeko erabakiak estatubatuarren lanpostuak salbatzea du helburu, klima aldaketaren aurkako borrokak lanpostu horiek arriskuan ipintzen dituelakoan, baina adituek diote kontrako efektua baino ez duela lortuko AEBetako presidenteak.

Gainbeheran zeuden eskualde industrialetako langile askoren botoak bildu zituen Donald Trumpek, meatzaritza eta autogintza bezalako sektore ekonomikoak indartuko zituela aginduta. Gainera, petrolio gehiago ateratzeko frackingaren aldekoa da agintaria. Bere hitzaldia borobiltzeko, Queensekoak esplikatu zuen estatubatuarrek bera aukeratu zutela «Pittsburgheko herritarrak ordezkatzeko, ez Parisekoak».

Ezaguna da hanka beheraino sartzeko Trumpek duen trebezia. «Pittsburgheko herritarrak» aipatzean ez zuen kontuan hartu bertako alkatea Alderdi Demokratako Bill Peduto dela, eta agintari horrek dagoeneko esan du hiriak bere egiten dituela Pariseko Itunak eskatzen dituen konpromisoak.

Presidenteak behin baino gehiagotan aipatu du Pariseko Hitzarmenak lanpostu askoren galera eragingo duela dioen ikerketa bat. Ikerketa Ekonomikorako Institutu Nazionala gobernuz kanpokoa da eta dio Parisen adostutakoaren eraginez 2025era artean 2,7 milioi lanpostu galduko direla. Baina inoiz ez du aipatzen, Estatistiken Bulego Nazionalak (publikoa) 2013an egin zuen ikerketaren arabera, AEBetan dagoeneko 3,5 milioi lanpostu «berde» daudela.

Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziaren arabera, iaz energia garbien sektorean 777.000 estatubatuar ari ziren lanean. Herrialdeko ekonomiaren hazkundea halako hamazazpi hazi da energia jasangarriekin zerikusia duen alorra.

Trumpen erabakiak eragin du behingoz talde ekologistak eta petrolio konpainia handiak posizio berean ikustea, Kaliforniako Chevronek eta Texasko Exxonek ere Pariseko Itunean jarraitzea defenditu baitute. Rex Tillerson Exxoneko presidente ohia da egungo Estatu idazkaria. Konpainia zuzentzen ari zenean ere klima aldaketari aurre egin beharra dagoela zioen eta badirudi orain toki berean jarraitzen duela, presidentearen erabakiarekin ados dagoenik ez baitu esan. Ivanka Trump bera ere Itunean segitzearen aldekoa da.

Adostutakoa baino urrunago joango da India

Parisen Emmanuel Macron frantziar presidentearekin egon ondoren, Narendra Modi Indiako lehen ministroak atzo esan zuen bere herrialdea Pariseko Itunak esaten duena baino «urrunago» joango dela klima aldaketaren aurkako borrokan.

Macronek jakinarazi zion Modiri bera urtea amaitu baino lehen joango dela Indiara, 2015ean bi estatuek adostu zuten «Eguzkiaren Munduko Aliantzak» egingo duen goi-bileran esku hartzeko.

Bezperan Europar Batasuna eta Txina nabarmendu ziren ingurumenaren defendatzaile moduan, Trumpek eragindako lurrikararen eraginez. Badirudi potentzia nagusiek nahiago dutela klimaren lagun bezala agertu, etsai moduan agertzea baino. Era horretan arrazoia eman diote Antonio Guterres Nazio Batuetako idazkariari: «Klima aldaketa ukaezina da, geure munduak duen mehatxurik handienetakoa. Eta klimaren aldeko ekintza, geldiezina». Guterresek atzo gaineratu zuen ezinbestekoa dela Pariseko konpromisoei eustea, «ekonomia berdea baita etorkizuna duena».J.A.O.