Jon LEUNDA
Harri-jasotzea

Etxeberriak marka ondu du 100eko kubikoarekin

Idoia Etxeberriak bere marka ondu du 100 kiloko kubikoarekin. Kirolari oriotarrak bere herrian egin zuen ahalegina, eta lehen berea zen marka hiru jasoalditan ontzea lortu zuen, bost minutuan 11 aldiz harria bizkarrean berdinduz.

Etxeberriak harri horrekin aurreko marka 2014an egin zuen, eta orduan bost minutuan 8 jasoaldi lortu zituen. Herenegun lan hori hobetzeko asmoz joan zen Oriora, eta ez zuen hutsik egin, harriari hiru jasoaldi gehiago eman baitzizkion.

 

Sokatira

Sokatiran, Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketan, 640ko aurreneko jardunaldia jokatu zen, eta Goiherri A taldeak txapela lortzeko lehen urratsa egin zuen, saioa irabaziz. Hasi aurretik garbi zegoen Gaztedi A izango zuela aurkari nagusi, eta horrelaxe izan zen. Bi talde hauek gainerakoen gainetik daude. Bizkaitarren arteko dema hau, ordea, Erandiokoek eraman zuten. Oraindik bi jardunaldi geratzen dira jokatzeko, baina berdeek datorren astean segurtatuta utzi nahiko dute txapela.

Baina Goiherri A taldeak bakarrik ez zuen lan handia egin, bigarren taldeak ere horrelaxe egin zuen, hirugarren postuan amaitu baitzuen. Badirudi postu horretarako Mutrikurekin izango duela lehiarik handiena, baina oraingoan gipuzkoarren aurretik amaitu zuen.

Bosgarren postua izan zen Gaztedi B taldearentzat, eta sailkapena ixteko, Akelarre eta Getxo sailkatu ziren Laukizko bigarren taldearen atzetik. Lehen jardunaldia izanda, sailkapen nagusia ere horrelaxe geratzen da.