Zur eta Nur
Donibane Lohizuneko Dukontenia parkean ikastolako lauzpabost haur dabiltza jolasean, eta haien beha ni, eki distiratsu baten gerizpean, hostopean, uda atariko eguzki-galdetatik babesten nauen zuhaitzaren izenaren xerka. Lapurdiko Itsasegiaren etorkizuna irudikatu dut haur horiengan, nireak sentitzen ditudan ohitura-hizkuntza-kulturari besarkatuta. «Gu joango gara eta haiek geldituko dira, zuhaitzak barne», pentsamendutik pasatu zait ziztu bizian, amesbidea izarloka bat bailitzan. Orduan hasi dira kantuan haurrak, eta neskato horail bati garbi entzun diot «Libérée, délivrée», libratua, askatua. Badakit Disney faktoriako “La Reine des neiges” marrazki bizidunaren kantua duela ahoan, “Frozen” ingelesez, eta euskaraz «Elurretako erregina» beharko lukeela, baina tira, hau beste kontu bat da, ez baitakit filmaren euskarazko bertsiorik ba ote den, badakidan arren hemengo aretoetan ez dela estreinatu. Euskarazko filmak ikusten ote dituen galdegin diot neskatoari, eta laster aitak Nur ikustera eramango duela erran dit, Irunera, Espainiara. Tira, neskaren gurasoak frantsesak direla ondorioztatu dut, ez dut gaizki hartu errana. Kaiera itxi, ordenagailua piztu, eta neskatoa “Nur eta Herensugearen tenplua”-z ari zela jakin dut, Hego Euskal Herrian estreinatu dena berriki, Ipar Euskal Herrira ailegatuko dena geroago, beti bezala. Tzizt bat berantago bizi gara hemen. Iduriz. Dukonteniako pasarteari buruz gogoetan, ohartu naiz sarritan aipatzen dudala gaurko haurrak ttur-ttur ari direla erdaraz, baina sarriagotan ahanzten dut erreferentzia global guztiak hizkuntza horietan dauzkatela.