GARA
ARRASATE

Lankidetza hitzarmena sinatu dute Laboral Kutxak eta Fiare Banca Eticak

Kooperatibismoa eta kreditua «herritarren zerbitzurako» baliatzea izango du helburu akordioak, bi erakundeetako ordezkarien esanetan. Hitzarmenari esker, besteak beste, Fiareren bezeroek dirua merkeago atera ahal izango dute Laboral Kutxako kutxazainetan gaurtik aurrera. Etorkizunean hitzarmena zabaltzeko aukera ez dute baztertu.

Esparru-hitzarmen bat izenpetu zuten asteazkenean Fiare Banca Eticak (espainiar Estatuko banku etikoaren bulegoak) eta Laboral Kutxak. Akordioa Laboral Kutxak Arrasaten duen egoitza nagusian aurkeztu zuten bi erakundeetako ordezkariek. Bertan Banca Eticaren ordezkaritza zabal bat izan zen, Ugo Biggeri, presidentea buru zuela. Hitzarmenak, «partekatzen dituzten balioak oinarri hartuta», kooperatibismoaren eta kredituaren bitartez «herritarren ongizatea eta ekonomia erreala garatzea» izango duela helburu adierazi zuten.

Bi erakundeen iritziz, bada «banka egiteko» beste modu bat: «Elkarlanean jardutea eta herritar kontzientziatuen sareak sortzea, ekonomia soziala garatzeko». Laboral Kutxaren ordezkarien esanetan, Fiarek duen banka etikoaren ikuspegia eta Arrasateko kutxak babesten duen «banka komertzial, kooperatibo eta arduratsuaren eredua» bateragarriak dira. Horregatik, bi erakundeek gogoratu nahi izan zuten 2005etik, Fiare sortu zenetik, elkarlan harremanak sustatu izan dituztela.

Hitzarmenak, gaurtik aurrera, Fiare Banca Eticako bezeroek Laboral Kutxako kutxazainetan komisio txikiagoaren truke dirua ateratzea ahalbidetuko du. Horretaz gain, elkarlanean jarduteko beste produktu eta zerbitzu batzuk aztertzen ari dira bi erakundeak; besteak beste, ekintzailetza sustatzeko proiektuak bultzatzea, Gaztenpresaz eta antzeko egiturez baliatuta. Aztertzen ari dira ere Fiareko bazkideek Laboral Kutxako bulegoak eragiketa gehiago egin ahal izateko erabiltzeko aukera.

Finantzaketari dagokionez, akordioak dioenez, bi erakundeek proiektu komunak finantzatu ahal izango dituzte, betiere «bien interesak bateragarriak» diren proiektuetan. Hala, helburu nagusia ekintzailetza bultzatzea izango dela azpimarratu zuten bi erakundeek, horretarako Laboral Kutxaren Gaztenpresa Fundazioaren aholkularitza eta laguntza zerbitzuak baliatuz.

Peru Sasia Febea-ko buru

Fiare Fundazioko presidente eta Banca Eticako kontseilari Peru Sasia Febea Europako Banku Etiko eta Alternatiboen Federazioko buru izendatu zuten ekain hasieran. Febea finantza etikoen arloko 26 erakunde biltzen dituen Europa mailako federazioa da. Egun, 13 bankuk, 10 finantza kooperatibak eta 3 inbertsio funtsek osatzen dute. Bere estatutuen arabera, federazioa osatzen duten erakunde guztiak datoz bat finantza etiko, gardentasun, eraginkortasun eta zuzentasun balioekin eta espekulazio zein iruzurraren aurkako balioekin.

Federazioa ordezkatzen duten erakunde hauek 3.300 langile baino gehiago dituzte, 250 filial inguru eta 200.000 bazkide baino gehiago. Aldi berean, 30.000 milioi euroko kapital aktiboa ordezkatzen dute, 670.000 bazkideren artean banaturik.

Bere aldetik, Fiare Banca Eticak egun 40.299 bazkide ditu eta 1.010.436.698 euroko proiektuak finantzatu ditu Estatu espainolean eta Italian.