Esker onak
Datozen egunotan askok itxiko dugu gure ikasgelako atea azkenekoz. Oporrak airean eta mina soinean; kontraesan galanta hainbatetan irudiztatu dugun momentua gerturatzen denean.
Zenbat zailtasun erreal eta paperezko soluzio makal. Zenbatetan saiatu garen mundua konpontzen bazkalosteko kafe horietan. Zenbat bilera inprobisatu ditugun pasabideetatik. Zenbat frustrazio hartu ditugun gure gain. Gure esku ere ez zegoena emanez, eta zein esker on gutxi batzuetan. Baina eskerrak badira ere besteetan. Oraindik badelako hezkuntza esku onetan jaso nahi duen irakasle talde fin eta ameslaria. Eskerrak bide gorabeheratsu honetan etorkizunean sinisten laguntzen duzuen horiei. Eskerrak egunero ikasleen hegoak josten dituzuenoi. Eskerrik asko zuei, lankide horiei.
Mugen gainetik salto egiten ikasi dugu eta ziur egon zaitezte zuek, eskolatik kanpo lan egiten eta hezkuntzaz asko dakizuela uste duzuen horiek; lasai egon, honetan sinisten duzuen familiak; prest egon zuek, txori libre horiek... ametsak sendotzeko irakasten jarraituko dugula.
Benetan maite duenak ohi baitaki sufritzea zein den ona, eta Davidek birritan, hirutan, gaindituko duela Goliat. Baten batzuek kantatzen duten legez, orekariak gara, «sokaren gainean eraikiz geroa».
Esna amestu dezagun gure hezkuntza publikoa. Jarrai dezagun borrokan hegan.
Bitartean, esker onak ongi merezia duzuen irakasle horiei guztiei. Harro itxi dezakezue atea.