Ahatekumeak hiltzeari uko egin zion abeltzaina galdekatu du poliziak

Bidaxuneko etxalde bati ahateak hiltzeko agindua ezarri eta honek bete ez zuela-eta, Baionako Auzi Zibilen Auzitegira jo du prefetak. Atzo, Polizia frantsesa Lataillade familiaren etxean izan zen eta, ahate hazlea galdekatzearekin batera, kontabilitate agiriak eta bezeroen zerrendak eraman zituzten. Lataillade familiak Prefeturak hartu zuen erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen, ekainaren 19an, Paueko Administrazio Auzitegian. Beraz, auzitan dira, batetik, abeltzainak ez zuela agindutakoa bete aztertzen duen Baionako epaitegiko afera, eta bestetik, prefetaren erabakiaren kontra Lataillade familiak Paueko auzitegian aurkeztutako helegitea.