J.L.
Aizkora

Vicentek eta Kañamaresek aurreikuspenak bete dituzte

Iker Vicentek eta Julen Kañamaresek irabazi zuten atzo Iruñean Nafarroako Binakako Txapelketa. Sekulako jendetza batu zen neurketa hau ikusteko. Bakoitzak sei kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako ebaki behar izan zituen.

Faboritoak apurka-apurka aldeak ateratzen joan ziren, eta azkeneko enborretarako dena erabakita utzi zuten. Bigarren postua ere azkar finkatu zuten Larretxeak eta Saralegik, eta Lopez eta Rekondo ere atzera azkar geratu ziren. Vicentek eta Kañamaresek 23 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten euren lan guztiak burutzeko. Saralegik eta Larretxeak, berriz, 24 minutu eta 34 segundo behar izan zituzten eurenak egiteko, eta azken lekuan, Lopezek eta Rekondok dena egiteko 28 minutu eta 32 segundo behar izan zituzten.

Nafarroako orga-jokoko finala ere jokatu zen, eta Xabier Urrutiak irabazi zuen, 2 itzuli eta 5,12 metro eginda. Bigarren sailkatu zen Albaro Zugarrondo, 2 itzuli 1/4 eta 1,03 metroko markarekin, eta hirugarren, berriz, Alejandro Fernandez sailkatu zen, itzuli bat, 1/2 eta 2 metroko markarekin.

Gaur ere jaialdia izango da 12.00etan, eta Nafarroako Txinga-eroate Txapelketak jokatuko dira bai mutiletan bai nesketan ere, eta herrialdeko lasto-altxatzeko finala ere jokatuko dute mutilek.