Amalur Artola
Kazetaria
IKUSMIRA

Euskararen espazioak

Goizuetako eskolara joan zen aldi bakanetako batean, mezara eraman zituztela oroitzen du gure amonak. Estu samar eserita zeuden nonbait eta, alboko ikaskideari bekainetik behera zetorkion zorriak salto egingo zion beldurrez, kontrako aldera lekua egiten ahalegindu zen. «¡Señorita Fernanda!, ¡que la Juanita me esta bultzando!» kexatu zitzaion ikaskidea, «eta guk, inozenteak, ondo esan zuela uste!», kontatu digu bazkalosteko tertulian. Señorita hura izango zen ziurrenik Goizuetan castillanoz egoki hitz egiten zuen bakarra. Eskolan ere, ikaskideen artean, euskara hutsean aritzen zirela oroitzen du gure amonak.

Hernanira etorri zenean ikasi zuen gaztelaniaz. Beharragatik. Esne-partitze lanetarako, baserriko tratuetarako beharrezkoa zuelako. Hark berea ez zen hizkuntza bat ikasi zuen bezala Extremadura aldetik etorritako señorek ere gutxienez «egun on» esaten ikasiko zutela pentsatzea gustatzen zait, baina ez nuke horren aldeko apusturik egingo.

Gure amonaren garaitik etorriko da agian euskaraz ez dakien inor taldean sartzen zaigunean gaztelaniara pasatzearena, ekintza horrekin ingurua desnaturalizatzearekin batera euskaraz egiten ez duenari euskaran trebatzeko aukera ukatzen diogula ohartu gabe. Euskarak espazio bat eta auskalo zenbat hiztun galtzen ditu hori egiten dugun bakoitzean, baina guk geure burua libratzen dugu ez-euskalduna ezerosotasunaz libratu dugula konbentzituz.

Ez dakit gure amonak erdaraz ikasiko zuen ingurune euskaldunetan soilik ibili izan balitz. Dakidana da euskarak etorkizun iluna duela berezkoak dituen espazioak ukatzen jarraitzen badugu.