Amagoia Mujika
Kazetaria
IKUSMIRA

Ubelduz ubeldu, odolusten ari gara

Marotok esan du aurrekaririk gabeko ituna dela –genero indarkeriaz Espainiako Kongresuan egin dutena– eta genero indarkeriaren kontra denok norabide berean arraunean ari garela erakusten duela. Aztoratu egin naiz. Marotoren norabide berean? Gero esan du neurriak diruz majo lagunduko dituztela, bost urtean mila milioi euro. Eta horrek ere ez dit patxadarik ekarri. Erretxinduta egongo naiz, oporrak behar ditut.

Baina, ez, ez zait batere gustatu Javier Marotok genero indarkeriaren estatu ituna nola saldu duen, alderdikeriaren «tufoa» hartu diet haren hitzei, ez benetako borondatearen freskotasuna.

Gure jendartearen miseriarik tristeena eta mingarriena da. Egunero ubeltzen du begiren bat eta itotzen du ametsen bat. Ubelduz ubeldu, odolusten ari garela sentitzen dut. Honezkero baten bat nazkatu da «betiko» gaiaz, ezta?

Aurrekoan lagun batek alabari esan zion etxeko atarira sartzen zenean atea ondo ixteko eskaileretan gora abiatu aurretik. Badaezpada, inor atzetik ez sartzeko. Aita harrituta geratu zen abisuarekin, sekula ez omen zuen arrisku horretan pentsatu. Berak ez.

Asteburuan emakume bati bere etxeko atarian bertan eraso diote. Beste bati igogailu batean. Auto batean besteari. Ez al da existitzen zero arriskuko tokirik? Ez, Maroto, ez da existitzen.

Akaso, ez da txarrerako norabide berean arraun egitea. Hori eta gehiago beharko da. Baina, mesedez, ez ezazue indarkeria matxistaren arazoa lardaskatu, serioegia eta mingarriegia da-eta. Asteon pankarta batean irakurri dugunez, «Vale ya, oxtia!».