Saralegik ordezkatuko du Atutxa Bilboko saioan
Jon Rekondoren aurka neurtuko da gaur eguerdian San Inazio auzoko plazako pilotalekuan.
Ruben Saralegik ordezkatuko du Aitzol Atutxa gaur Bilboko San Inazio auzoan jokatuko den Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldian. Jon Rekondo izango du aurez aurre. Neurketa Levante plazako pilotalekuan jokatuko da, 12.00etan hasita.
Jon Rekondorentzat saio garrantzitsua izango da, orain arte jokatutako ekinaldia galdu egin baitu. Bera Iker Vicenteren aurka izan zen, eta leitzarrak ezin izan zuen garaipenik lortu. Aitzol Atutxa, aldiz, punturik gabe dago, orain arte ez baitu saiorik jokatu. Gaurkoan haren ordez arituko den Ruben Saralegi saiatuko da egungo txapeldunarentzat Txapeldunen Ligako lehen garaipena lortzen.
Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu saioan zehar. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatuko dira. Bigarrenean, tamaina bereko enborra zeinek azkarrago lehiatuko dira, erloju kontrakoan. Hirugarrenean, zutik jarritako 45 ontzakoa erdibitu beharko dute. Laugarrenean, berriz, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtuko dira. Bosgarrenean, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki beharko ditu kirolari bakoitzak, eta azkenik bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu.
Txinga
Euskal Herriko Txinga Txapelketa jokatuko da gaur Algortako Teilaetxe plazan, 12.00etan hasita. Bertan, emakumezkoen eta gizonezkoen finalak jokatuko dira. Nesketan, Garazi Arruti, Nerea Egurrola, Iraitz Idoeta eta Pilar Rodriguez neurtuko dira eta mutiletan, berriz, Kerman Perez de Heredia, Ousmane Dame, Eloy Salterain eta Mielanjel Sukuntza arituko dira.
Xanta Sousarena izango da hutsune nabarmena. Kirol honetan jaun eta jabe da, baina aurtengoan Bizkaiko ordezkariak bakarrik arituko dira nesketan. Mutiletan ere ez da parte hartze zabalik, Bizkaiko bi eta Nafarroako eta Arabako bana izango baitira. Emakumezkoek 25 kiloko txingak erabili beharko dituzte eta gizonezkoek, berriz, 50 kilokoak. Bietan helburua ahalik eta metrorik gehiena egitea izango da, eta horretarako denbora librea dute.