Asier AIESTARAN
Erremontea

Buruz Buruko Txapelketari ekiteko prest Galarretan

Urriza, Barrenetxea IV.a eta Uterga ligaxkako laugarrenaren zain daude: Ezkurra II.a, Segurola edo Endika.

Buruz Buruko Erremonte Txapelketaren 35. edizioak azken urteetako formatuari eutsiko dio aurten ere eta azken fasean lau pilotarik hartuko dute parte ligaxka batean. Urriza –egungo txapelduna–, Barrenetxea IV.a eta Uterga zuzenean sailkatuta daude ligaxka horretarako, eta laugarren pilotaria asteotan jokatzen ari den kanporaketa fasearen irabazlea izango da.

Kanporaketa horiek amaitzeko oraindik beste bi neurketa geratzen dira. Larunbat honetan Ezkurra II.ak eta Segurolak jokatuko dute elkarren aurka, eta irabazleak datorren asteartean Endikaren aurka neurtu beharko ditu indarrak –Endikak gaur jokatu behar zuen Aizpuru III.aren aurka, baina azken horrek min hartu du horrenbeste arazo eman dizkion sorbaldan–.

Azken ligaxka abuztuaren 12an hasiko da eta abuztuaren 29ra arte luzatuko da. Partida guztiak 30 tantora jokatuko dituzte Galarretan eta jaialdiak 16.00etan hasiko dira. Azken urteetan egin ohi dutenez, partidaren irabazleak lau puntu batuko ditu, 27-29 tanto artean egiten dituen galtzaileak bi, 24-26 tanto artean egiten dituenak bat eta 24ra heltzen ez denak bat ere ez. Ligaxkako onena zuzenean irailaren 9ko finalera sailkatuko da, bigarrenak eta hirugarrenak, aldiz, finalerdi bat jokatuko dute irailaren 2an.

Iazko finala gogoan

Faborito bat aipatzekotan Javier Urriza iruindarra nabarmendu behar da, bera baita erremonteak azken urteetan izan duen dominatzaile nagusia. Egungo txapelduna ere bada, iaz bere laugarren txapela jantzi baitzuen, Matxin II.aren marka berdinduta. «Ilusio handiz ekingo diot aurtengo txapelketari, nahiz eta pilotari gazteak gero eta indartsuago datozen», onartu zuen atzoko aurkezpen ekitaldian.

Pronostikoak hausten saiatuko denetariko bat Endika Barrenetxea hernaniarra izango da, iazko finalean Urrizari 21 tanto egiteko gai izan zela ahaztu gabe. «Urteko txapelketa zailena dela esaten dugu. Denetik egin behar duzu, fisikoki bezain garrantzitsua da mentalki ongi lehiatzeko prest egotea. Normalean iristen ez zaren lekuetara moldatu behar duzu», nabarmendu zuen atzelariak.