Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
baiona
Surfa

QS txapelketak sasoi betean: Mundu osoko surflariak Europan

Abuztua eta iraila munduko surf txapelketen garaiada Europan. Munduko bazter guztietatik etortzen dira surflariak QS mailako txapelketetan lehiatzeko.Hots, datozen egunetan lortzen dituzten emaitzen araberako postuak eskuratuko dituzte rankingean.

Duela bi aste Lacanauko hondartzan izan ziren QS zirkuituko lehiakideak, pasa den astean berriz, Angelun ziren, eta aste honetan Galizian izango dira. Datozen egunetan 6.000 puntuko bi txapelketa garrantzitsu izango dira, bata Pantin Clasic famatua, Coruñako kostaldean aspalditik egiten den txapelketa mitikoa, eta bestea Azoreetan izango da, hurrengo astean. Beraz, Europan egiten diren mundu mailako txapelketen sasoi betean gaude.

Denbora tarte laburrean, eta txapelketen artean distantzia handiegirik egon gabe, lehen mailara igotzeko lehian ari diren surflarientzako denboraldia da, horregatik, inguruko herrialdeetako surflariez gain, puntuak eskuratzearren munduko bazter guztietatik etorritako surflariak izaten dira egunotan gure kostaldean. Hortaz, ez da harritzekoa izaten surflari famaturen bat ikustea.

Pasa den ostiralean Angelun amaitu zen txapelketa ez da bereziki garrantzitsua, Zarauzkoak bezala, 1.500 puntu baino ez ditu eskaintzen, baina esan bezala, munduko txapelketen denboraldian egiteak maila handiko lehiakideen parte hartzea bermatzen du. Gero, lehiakide bakoitzak jasotzen dituen puntuak munduko QS ranking orokorrerako edo dagokion herrialdeko rankingerako baliatu ahal izango baititu.

Europar batek, esaterako, Angelun lortutako emaitzei esker ranking orokorrean zein europarrean puntuak pilatuko ditu. Eta australiar batek, ostera, ranking orokorrerako puntuak bildu ahal izango ditu, baina Angelun lortutako emaitzek ez dute balio Australiako rankingerako. Edonola ere ranking garrantzitsuena mundu mailakoa da, urte amaieran lehen hamar postuetako batean egonez gero hurrengo urtean lehen mailan (CT zirkuitua) lehiatzeko pasea eskuratzen baita.

Urria bitartean sasoi betean

Mundu mailako txapelketen denboraldi hau urria bitarte luzatzen da Europan eta guztien artean garrantzitsuena den txapelketarekin amaitzen da, alegia, Hossegorren egiten diren munduko Junior eta CT lehiaketekin. Izan ere, txapelketa gorenak egiten dira Landetan, eta bertan izaten dira munduko surflari ezagunenak. Hamazazpi nesken kasuan eta hogeita hamalau mutilenean (horri kategoria bakoitzean atxikitzen zaizkien gonbidatu parea gehitu behar zaio).

Aldi berean, irailaren 26 eta urriaren 5 bitartean Cascais Billabong Pro txapelketa izaten da Portugalen, beraz Hossegorren lehiatu ezin duten bigarren mailako lehiakide guztiak han izaten dira, Portugalgoa 10.000 puntuko txapelketa baita. Horrek esan nahi du, QS mailako txapelketa gorena dela.

Guztira, 10.000 puntuko bost txapelketa baino ez daude aurtengo QS itzulian. Nesken kategorian, ordea, gehienez 6.000 puntuko txapelketak izan daitezke eta ez dira izaten maila horretako txapelketa asko. Aurtengoan, esaterako, zazpi lehiaketa baino ez dira izango sei mila puntukoak.

Mutilen kasuan, guztira QS mailako 55 txapelketek osatzen dute aurtengo txapelketen zerrenda, eta nesken kasuan berriz, hogeita hemezortzik. Angelukoa, mutilen zirkuituko 41. txapelketa izan zen, eta nesken 31. txapelketa. Beraz, gero eta gutxiago falta da urte amaierarako eta lehiakideak esfortzu bikoitza egiten ari dira.

Postuak hartzen QS rankingean

Europako rankingean Gony Zubizarreta galiziarrak jarraitzen du buru Angeluko txapelketaren ostean. Bere atzetik, Jorgan Couzinet frantsesa aurkitzen da. Angelun lortutako emaitzari esker ranking europarrean sekulako gorakada egin duena Aritz Aranburu zarauztarra izan da, 33 maila igo eta hamabigarren postuan jarri baita.

Ranking europarrean postu on bat izateak ordea, ez du esan nahi ranking mundialean ere hurrenkera bera jarraitzen denik. Couzinet esaterako, ranking europarrean bigarren egon arren, munduko rankingean postu onenean aurkitzen den europarra da, hamazazpigarren postuan aurkitzen baita. Gony Zubizarreta ostera, ranking europarrean buru da, baina mundukoan 50. postuan aurkitzen da.

Antzeko zerbait gertatzen da nesken kasuan ere. Egun, Carol Henrique portugaldarra da buru Europako rankingean. Justine Dupont frantsesak jarraitzen dio, eta hirugarren postuan Garazi Sanchez bizkaitarra aurkitzen da. Aldiz, mundu mailako rankingean postu onenean aurkitzen diren bi lehiakideak Johane Defay frantsesa eta Pauline Ado hendaiarra dira. Defay laugarren postuan da, eta Ado, hamahirugarrenean.