Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Huantsani estilo bikaina eransteko aukera izan dute

Marc Torallesek eta Oriol Barok Cordillera Blancan (Peru) dagoen seimilakoaren ipar-ekialdeko ertzaren lehen errepikapena sinatu dute; gainera, estilo alpinoan eginiko lehen igoera izan da. Uztailaren 4tik 9ra izan zen, eta 1.700 metroko bideari ED+ zailtasuna jarri diote.

«Marc eta biok Huantsanen (Cordillera Blanca, Peru, 6.395 m) egin dugun eskalada oso ona izan da. Gainera, den-dena eman behar izan dugu. Zailtasun teknikoari dagokionez, ez da oso zaila; baina jarduerak bere osotasunean eta igo dugun bideak zehazki duen arriskuak zailtasun gehigarria ematen diote. Uste dut izaera honetako eskaladak egiteko Peruko elurraren baldintza berezietara egokituta daudenak baino ez direla gai». Adierazpen hauek Oriol Barok GARAri egin dizkio; hain zuzen ere, Marc Torallesekin Huantsanen egindako eskalada sinatu eta gutxira.

Zalantzarik ez dago sokada katalanak goi mailako jarduera egin duela; eta lerroburuan azpimarratu dugun bezala, seimilakoari estilo bikaina erantsi diote. Zergatik diogun hori? Bada, alpinistok Huantsaneko ipar-ekialdeko ertzaren lehen errepikapena egiteaz gain, estilo alpinoan lehen igoera egin dutelako.

Barok berak gai horren inguruan xehetasun gehiago eman dizkigu: «Mendi horrek hemezortzi urte zeraman igoerarik jaso gabe. Eta igotako ertzak saio batzuk-batzuk izan ditu. 1.700 metro luze da, eta, oro har, izotza eta elurra nagusi dira. Arrokazko sekzio batzuk ere baditu. Mendi eder batean eginiko igoera bikaina izan da. Eta hori diot estilo alpinoan eskalatu dugulako; izan ere, lehen igoera hartan 30 alpinistek hartu zuten parte, eta 2.000 metro soka finko erabili zituzten. Bazirudien marra berri bat zabaltzen ari ginela. Hitz gutxitan esanda, marra hori 70eko hamarkadakoa da eta orain arte ez du errepikapenik izan. Gainera, Huantsanek hemezortzi urte zeraman eskaladarik jaso gabe; azkena sokada esloveniar batek erdietsi zuen 1999an».

Alpinista katalanak ondo baino hobeto zehaztu duenez, mendiaren lehen igoera hori estilo astunean eskalatu zen. Beraiek, berriz, oso arinean: «Guk, jakina, bide hori beste estilo batean eskalatu nahi genuen; hots, gure filosofiarekin bat egiten duen estiloan. Eta horretarako, arintasuna ezinbestekoa da. Guk honako tresneria garraiatu genuen: bosna friend, fisurero eta iltze, 6 torloju, lau hesola eta bi soka 60 metrokoak eta 6,9 milimetro lodierakoak. Arrakastaren gakoa arintasun horretan egon da, eta, jakina, konpromisoan. Azken luzeak, adibidez, ensamblean eskalatu genituen. Alabaina, gure kontra jokatu duen eite bat azpimarratu nahi dut: klima aldaketa. Horrek paretaren egoera erabat baldintzatu du; elurraren baldintzak egun oso bereziak dira».

Ipar-ekialdeko ertz hori eskalatu ahal izateko, katalanek sei egun behar izan dituzte; hain zuzen ere, jarduera hori uztailaren 4tik 9ra egin zuten.

Mendi zaila

Barok aurreratu digunez, Peruko seimilako hori aspalditik bere libretaren zerrendan zegoen: «Jordi Corominasek eta biok duela sei urte Huantsan eskalatu nahi genuen, baina nik harrapatutako gripe batek gure asmoak zapuztu zituen. Batek baino gehiagok dio Huantsaneko ekialdeko horma Cordillera Blancan askatu gabe dagoen azken ‘korapiloa’ dela. Jordik hari buruz asko hitz egin zidan. Baina oso arriskutsua ikusi nuen. Ez dut esaten ezin dela eskalatu, baina uste dut logistika oso egokia behar duzula izan. Eta batez ere hari begira makina bat denbora pasatu, baldintzek zer egin dezaketen ikusteko. Alde guztietatik begiratuta, Huantsan oso zaila da. Desnibel handiena ekialdeko eta iparraldeko isurietan dago; hots, errepikatu dugun bideak isuri horiek partekatzen ditu. Hala ere, uste dugu mendi hori igotzeko marra seguruena dela. Balizko bide normala mendebaldeko aurpegitik doa; zailtasunean ez da iraunkorra, baina ez da klasiko bat eta oso luzea da. Cordillera Blancan izaera honetako mendi zailak ez dira igotzen. Denboraren poderioz gero eta zailagoak dira. Klima aldaketak eta izotzaren zein elurraren atzerakadak eragin zuzena dute».

Torallesek eta Barok hurbilketa bidea uztailaren 2an hasi zuten. Biharamunean, ipar-ekialdeko ertzaren lepoan gaua pasatzeko asmoa zuten, baina morrenaren hasierara (4.700 m) joatea erabaki zuten.

Hilaren 4an, berriz, glaziarrean sartu eta, arazo teknikorik gabe, ertzera (5.400 m) heldu ziren. Hurrengo egunean, benetako eskaladari ekin zioten: «Elurraren baldintzak oso kaskarrak ziren; ia gailurrera arte ez zegoen transformatuta. Peruko klasiko guztietan egoera bera dago. Egoera horren ondorioz, geure erritmoa nahiko mantsoa zen. Aseguratzeko hesolak erabiltzeaz gain, zeharkaldi arriskutsuak gainditu behar izan genituen. Hamahiru ordu eskalatzen igaro ondoren, aldats batean gure bigarren bibaka egiteko zulo bat atondu nuen. 5.820 metrora geunden».

Hilaren 6an, bestalde, bidearen baldintzak ez ziren aldatu; zailak eta arriskutsuak ziren. Eskalatzen zeuden bitartean, jarritako seguruak ez ziren batere egokiak; alabaina, aurrera jarraitzea erabaki zuten. Konpromisoa erabatekoa zen. Zortzi orduko eskalada egin eta gero, 6.150 metrora erlaitz bikain batekin egin zuten topo. Hirugarren gaua han pasatu zuten.

Biharamunean, katalanak prest zeuden mendiaren azken metroei ekiteko: «Goizeko 9etan irten ginen. Solte zegoen elurrean hiru luze eta 50 metroko zeharkaldia egin genuen. Azken zati hori ensamblean egitea erabaki genuen. Bi ordu eta erdi geroago, Huantsango gailurrean ginen. ED+ zailtasuna eman diogu: izotzean zein elurrean ia 90°ko aldatsak eta arrokan 6b graduko tarteak gainditu genituen. Jaitsiera, bestalde, arrokazko murru bat arte deseskalatu genuen, eta, ondoren, 20 rappel egin genituen 5.400 metrora zegoen lehen bibakera heldu arte. Hilaren 8an, oinarrizko kanpalekuan geunden, eta biharamunean Huarazen. Laburbilduta, kristoren igoera izan da. Eskaladako bost egun horietan den-dena eman genuen. Eguraldia nahiko txukuna izan zen, baina azken bibakean elurte gogorra jasan genuen. Baina atondutako kobak oso ondo babestu gintuen».

Hori da, beraz, Torallesek eta Barok Huantsaneko ipar-ekialdeko ertzean lortutako emaitza. Hain zuzen, Barori galdetu diogu ez ote duen uste ingurumari honetan Andeetako seimilakoetan eginiko jarduerak gutxietsi egiten direla. Batez ere, Himalaiakoekin zein Karakorumekoekin alderatuta. Hauxe da bere erantzuna: «Bai, baliteke. Eskuarki, Himalaiako seimilako bat gehiago ‘saltzen’ da. Hala ere, uste dut Estatu espainoleko hedabideetan seimilakoek ez dutela garrantzirik. Ingalaterran edo Europako herrialde alpinoetan estilo alpinoa zortzimilakoetan egiten diren jarduera zekenak baino askoz ere gehiago aitortzen da. Salbuespen bakarra da Zabalza, Iñurra eta Vallejok egiten dutena. Generalitateko presidenteak duela gutxi Ferran Latorreri harrera egin zion Everest oxigenoarekin eta ohiko bidetik igo eta gero! Edozein alpinistarentzat hori zentzugabekeria da. Ildo beretik jarraituz, hemen sei mila metroko garaiera duten mendi teknikoak igotzen saiatzeko finantziazioa lortzea utopia bat besterik ez da. Horrela ikusten dut nik, bederen».