Haritz LARRAÑAGA
IKASTURTE HASIERA

«Euskararen etorkizuna bermatuko duen lizeoa» abian

Lapurdi zeharkatu eta Landetara bidean, autobideko azken zubia zeharkatzean, etxe karratuz osatutako ilera zuri bat ikusten da urrunean; Baionako Zup auzoa da. Gibelean, distira itsugarriko eraikin bat dago, Bernat Etxepare lizeo berria. Bada, atzokoan lehen eskola eguna izan zuten bertan, ikasturte hasiera.

Goizeko bederatzietan ikasle andana zegoen ikastetxearen kanpoaldean. Multzo txikietan banatuta zeuden 15 eta 18 urte arteko gazteak, baina guztien artean 300 ikasleko multzo handia osatzen dute. Bat-batean, bozgorailuek igorritako hotsak korroetako marmarrak isilarazi zituen. «Terminaleko ikasleak, bildu zaitezte atari nagusian», iragarri zuen ahots metalikoak.

Unibertsitatera joan aitzin azken urtean baxoa egin behar duten ikasleak dira «terminalekoak» eta orain artean Baionako «ikastetxe zaharrean» izan dira. Haiengana zuzendu eta «euskararen geroa ziurtatuko duen etxe berri honetara» ongi etorria eman zien Iban Thicoipe lizeoko zuzendari berriak.

Irakasleak gidari

Irakasleek izan zuten lehen eginbeharra ikasleei eraikin berria erakustea izan zen. Letra, Ekonomia eta Zientzien adarretan banatzen dira ikasle multzoak, eta Pantxo Biologiako irakasleak Zientzietako ikasleak gidatu zituen. Gelek ibai izenak dituzte lehen solairuan; lehenik, laborategira abiatu dira.

Ikasleak jakin-minez sartu ziren “Latsa-labo” gelan. Inork etengailurik sakatu gabe piztu zen argia, sentsore bitartez funtzionatzen baitu. Ongi ekipatuta daude ikasgelak, distiratsu, eta berri usaina da nagusi nonahi. «Norbait mahaietan marrazten atzematen badut lizeoa garbitzen jarriko dut!», ohartarazi zien irakasleak ezinegonez guztia ukitzen ari ziren ikasleei.

Aturri, Baztan, Errobi, Deba eta Ibaizabal gelak zeharkatu zituzten jarraian ikasleek. Bigarren solairura bidean, atarian bilera egiten ari zen irakasle taldea ikus zitekeen korridoreko leihoetatik. Izan ere, guztientzat zen lehen eguna, eta, ikasleek bezala, bisita gidatu baten beharra zuten haiek ere. Guztira 44 irakasle dira, haietatik 11 berriak, eta, horiez gain, bestelako lanak egiten dituzten 18 langile ere badira lizeoan.

Bigarren solairuan gelek mendi izenak dituzte: Txindoki, Ursuia, Saioa, Orhi eta Pagoeta. Azken hori informatika gela da. Ordenagailu berriz lepo dago eta atzokoan begi bistakoa zen oraindik erabili gabe zaudela guztiak. «Lan egiteko gogoa ematen du», iradoki zuen ikasle batek. Ez zuen berdin pentsatzen, ordea, eraikineko ordenagailu guzti-guztiak prest zirela ziurtatzeko presaka zebilen Patxi informatikariak.

Ikasgelak atzean utzi eta «salbuespen gunera» iragan ziren ikasleak. Irakasleak abertitu bezala, soilik arazoren bat izatekotan bertaratu ahal izango dira irakasleen eremura. «Lurralde komantxean», idazkaritza gela, kontularitza gela edo irakasle eta langileentzako atseden gela ere zeharkatu zituzten ikasleek.

Mugarri bat gehiago bidean

Ikastetxea atzean utzita beste eraikin batera abiatu zen bisitari taldea. Lehen aldiz, barnetegia eta sukaldea ikastetxean bertan dira. Sukaldariak lehen bazkaria prestatzen ari ziren eta handik metro gutxira barnetegiko zoruak garbitzen ari zen garbitzaile bat. Guztira 77 ikaslek hartuko dute ostatu 112 logela dituen barnetegian. Pisu bakoitzak kolore bat du, hots, adin bakoitzari kolore eta solairu jakin bat dagokio. Laranja kolorea da nagusi lehen pisuan, berdea bigarrenean eta urdina hirugarrenean.

Haizea Itsasukoa da eta barnetegian lo egingo du aurten. Lizeo berria «hobeto ekipatuta» dagoela aitortuagatik, berak zaharra maite zuen, «hondartza gertu genuen-eta!». Antzeko oroitzapenak zituen Hazparneko Mariok ere: «Nahiago nuen eskola zaharra, txikia zen eta gure artean giro goxoa. Baina egia da eraikin berria biziki ongi egina dela, bistakoa da maitasunez egin dutela, beraz, espero dut lehen genuen giro goxoa atxiki ahal izango dugula».

Lizeoak iazko uztailean abiatutako bide malkartsuan mugarri garrantzitsua gainditu du, baina oraindik ez da ibilbidea amaitu, materialaren gastuak guraso elkarteak ordaindu behar dituenez, sagarrondoen kanpainarekin jarraituko baitute behar dituzten 150.000 euroak bildu arte. Ikasleen itzulia ordea, bai, amaitzear zen jada, eta, agurtu aitzin, irakaslea taldeari zuzendu zitzaion: «Astelehenero kontrolak izango dira, horrek esan nahi du asteburuetan ikasi egin beharko duzuela!».