Amalur Artola
Kazetaria
IKUSMIRA

Motorrak berotuta; makineria olioztatzen

Bihartik aurrera eta bederatzi egunez, begiak Donostiara itzulita izango ditugu hainbatek. Zinemaldia hasten da. Eta, batzuetan, gertatzen da zurrunbiloak irentsi eta handik kanpo dagoenak existitzeari uzten diola, biltzen zaituen lanbroak ez dizula zure muturraz harago dagoena ikusten uzten. Euskal zinemaren jarraitzaileei “Handia”-n iltzatuko zaie pentsamendua eta gogoa, baina etxeko uztak bestelako aleak ere badakartza. Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchsen “Non”; Migeltxo Molina, Pablo Iraburu eta Gorka Otxoaren “Elkarrekin” edota Juanba Berasategik zuzendutako azken obra, “Nur eta herensugearen tenplua”, dira horietako batzuk. Baita Bertha Gaztelumendiren “Volar” ere. Dokumental bereziki hunkigarri eta indarberritzailea da, formagatik, mezuagatik zein atzean dagoen lanketagatik, prozesu luze baten emaitza baita. Bilbo eta Eibarko hainbat emakume taldetako kideak dira protagonistak, guztiek egin diote aurre biolentzia matxistaren aurpegi bortitzenari eta guztiek topatu dute euren burua berregiteko modua. Ausardiaz, euren hizketaldi intimoak, euren bizipen eta ilusio trukeak filmatu eta partekatzea erabaki dute, eurek bizi zuten egoera berean egon daitekeenari baliagarri izango zaiolakoan.

Zuzendariak ez du daturik ematen. Ez dago off ahotsik. Ezta narratzailerik ere. «Ahotsa beraiei eman behar zitzaiela iruditu zitzaidan, beraiek baitira aldaketarako motorra», azaldu du Berthak. Motorra eraginkorra izan dadin, baina, makineria osoa jarri behar da martxan. Eta horretarako lehen urratsa zinema aretoak betetzea da.