Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Patxa plaza birmoldatzeko egitasmoa herritarren esku jarri du Baionako Udalak

Bere izena Trinketeko plaza da baina baionarrek Patxa plaza deitzen diote. 1989az geroztik aparkaleku gisa baliatzen den alde zaharreko eremu hau auzoko lagunen topaleku bilakatzeko egitasmoa abian da.

Baionako hiriak ezagututako pasarte argi-ilunez beteriko eremua da. Historia handiak zein pasarte txikiak gordetzen dituen gunea. Cordeliers eta Trinketeko karriken artean kokatzen da Patxa plaza. Alta, 1989az geroztik aparkaleku gisa erabiltzen da.

Izan ere, hiriko jaiekin batera, egun batzuetarako besterik ez bada ere, plaza herritarren topaleku bilakatzen da, bertan egiten baitira Baionako besta alternatiboak.

Plazako hormetan, bestalde, GALek bahitu, torturatu eta erail zituen Joxi Zabala eta Joxean Lasaren potretak daude. Gazte tolosarren ondoan, desagerrarazi zituzten beste bi militanteren erretratuek –Popo Larre heletarrarenak eta Jon Anza donostiarrarenak– osatzen dute zuri-beltzezko horma-irudia.

Baiona Ttipiko biztanle zenbaitek nahikeriaz Patxa Plaza Kolektiboa osatu eta hiriko eremu horri bestelako erabilera emateko asmoa martxan jarri dute. Lehen unetik helburua argi zuten: autorik gabeko eremua sortzea era horretan herritarrei topaleku zabala proposatuz.

Patxondo peña, Zizpa Gaztetxea, Patxoki, Bizi eta Mamitxula elkarteek osatzen duten kolektiboak, Herriko Etxearekin batera, plaza arramoldatzeari begira prozesu parte-hartzailea garatu dute.

Lehen urrats bezala, urriaren 21erako kontsulta eguna antolatu dute. Ekimen horren xedea ez da behin betiko erabakia hartzea, baizik eta herritarren asmoak azaleratzea, ondoren horien gainean bozketa bat bermatzeko.

Maketa baten laguntzaz, auzokoek aukera izanen dute, esaterako, haurrendako jolas-eremua irudikatzeko, bankuak, zuhaitzak, iturriak edota zikinontziak ezartzeko edo-eta tokiz aldatzeko.

Ariketa hori ondoko urriaren 21a, larunbatarekin, gauzatuko dute, besta giroan.

«Plazak garaian izan zuen bizitza berreskuratu dezala nahi dugu, eta horretarako zinez garrantzitsua da jendeak gune horren erabilerari buruz bere iritzia ematea», azaldu du kolektiboak.

 

Hilaren 21ean, kontsulta eguna ideiak biltzeko

Patxa plaza birmoldatzeko prozesuak bultzada herritarra xerkatuko du hilaren 21ean. Goizeko 11.00etatik 15.00etara plazara hurbilduko diren herritarrek «ondoren bozkarat eramanen diren proposamenak egiteko parada izanen dute». Hartara, maketa baten gainean herritarrek irudikatuko dituzten proiektu horiek argazkiz hartu eta webgune baten bidez ezagutaraziko dituzte, ondoren biztanleria osoari botoa emateko aukera eskainiz. Bestalde, antolatzaileek azaldu dutenez, egunean bertan herritarren ideiak biltzeko kutxa ezarriko dute, ekarpen guztiak aintzat hartzeko asmoz.

Baionako Udalaren eta Patxa Plaza Kolektiboaren artean antolaturiko kontsulta eguna hiriko hainbat elkarteren laguntzari esker iraganen da. Patxa plaza elkar trukerako gune bilakatu nahi dutenek bertan eman dute hitzordua hilaren 21ean, goizeko 11.00etatik goiti. Egunean zehar animazio anitz izanen dira, baita ostatua ere. Hala nola Gapelu Txek musika taldea arituko da eta Gaia elkarteak herri kirolak antolatu ditu haurrendako. M.U.