Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Eki Chacrarajuren eki aurpegiak era askeko lehen igoera jaso du

Protagonistak Quentin Roberts eta Alik Berg izan dira. Sokada kanadarrak, bi eguneko eskaladan eta estilo alpinoan, «The devil’s reacharound» bidea zabaldu zuen Peruko Cordillera Blancan iragan uztailean. 1.200 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: M6, 6a, 90º.

Quentin Roberts eta Alik Berg alpinista kanadarrak gazteak dira. Robertsek 25 urte ditu; Bergek, berriz, 29. Alabaina, biek ala biek erakutsi dute alpinista zailduak direla. Sokada kanadar hau gai izan da Peruko Cordillera Blancan zintzilik zegoen korapilo bat askatzeko. Hain zuzen ere, Robertsek eta Bergek Eki Chacraraju (6.001 m) gailurraren ekialdeko horma era askean lehen aldiz igo dute. Bide berriari “The devil’s reach around” izena jarri diote. Bidea 1.200 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: M6, 6a eta 90º.

Eki Chacraraju gailurraren lehen igoera Lionel Terray alpinista frantziar historikoak 1962an lortu zuen. 1999ra arte, mendiaren ekialdeko aurpegia igo gabe zegoen, baina handik agertu eta lehen igoera sinatu zuten Pavle Kozjek eta Gregor Kresalek. Hala ere, horma guztia ez zuten era askean igo; izan ere, bi luze era artifizialean eskalatu zituzten.

Kanadarrak, beraz, korapilo hori askatzeko gai izan dira. Jarduera hori iragan uztailaren erdialdean egin zuten. Eki aurpegi hori gainditu ahal izateko, bi eguneko lana behar izan zuten. Jakina, era alpinoan igo zuten.

Zortea lagun ala ez, alpinista gazteok sona handia duen hormatzarrean saria jaso dute. Berez, elurraren baldintzak oso kaskarrak izaten dira, eta saiatu diren talde guztiek benetako gailurra lortu baino lehen atzera egin dute. Lerrootako protagonistek, berriz, onartu dute baldintza onak izan zituztela: «Denboraldi honetan, Perun, baldintza oso onekin egin dugu topo. Beste urte batzuekin alderatuta, mendiak nahiko lasai zeuden. Iazko denboraldia oso lehorra izan zen, eta, agian, horrek ezegonkor zeuden zati asko garbitu ditu».

Quiteraju eta Alpamayo mendietan girora egokitu ondoren, sokada kanadarra prest zegoen esku artean zuen xedeari ekiteko. Estrategia eraginkorrena zehaztu ahal izateko, paretaren oinarrian egun oso bat igaro zuten: «Mendiaren azpialdean tenperaturaren aldaketak oso handiak dira. Horregatik, headwall-era heltzeko, elurrean igotzen gau oso bat egin genuen. Hein batean, bederen, horrek arrisku puntu bat saihesteko aukera eman zigun. Bizirik irauteko taktika eraginkorrena zen. Gu Kanadako Mendi Harritsuetan eskalatzera ohituta gaude, eta uste dugu eskarmentu horrek Eki Chacrarajuren eki aurpegian asko lagundu digula».

Bi egun

Roberts eta Bergek aurreratu bezala, gauez hasi ziren eskalatzen. Lehen egunean hamabi ordu egin zituzten. Headwall-era gauez iritsi ziren; alabaina, aurrera jarraitzea erabaki zuten. «Quentinek arrokazko lehen murrua gainditu zuen. Hurrengo luzean nik sokaburu egin nuen lan. Bidearen giltza izan zen zeharkaldi gogor bat gainditu behar izan nuen. Eguzkia gogor jotzen ari zenean, atseden hartzeko erabakia hartu genuen. Atseden hartzeaz gain, hidratatzeko beta hartu genuen. Generaman erritmoarekin pozik geunden».

Ilunabarrarekin batera, tenperaturak jaisten hasi ziren, eta sokada kanadarrak berriro eskaladari ekin zion: «Arrokazko irtenune batzuk igo genituen. Baina, hori bai, espero genuen baino zati errazagoak izan ziren. Ondoren, tarte tekniko batzuk eskalatu genituen. Arrokaren kalitatearekin ezusteko ederra izan genuen; izan ere, ona zen. Eskaladaren bigarren eguna bukatzen ari zenean, ilunabarrean, gailurra jo genuen».

Hotz egiteaz gain, nekatuta zeuden. Eta horregatik alpinistok jaitsiera osoan alertan egon ziren; guztira, hegoaldeko aurpegitik hogei rapel egin zituzten.

Eginiko jarduerari dagokionez, gazteok honakoa adierazi dute: «Zailtasunezko eskalada asko egin ditugu, eta hau ez zaigu hain gogorra iruditu. Pareta horretan izan diren istorio beldurgarriak irakurri ditugu, baina ez da hainbesterako izan».