Errotze handiko bankuak
Gasteizko epaitegi batek Kutxabank zigortu du, abusuzko komisioak kobratzen dituela-eta. Eskudirutan egin beharreko ordainketa bakoitzeko kobratu ohi dituen bi euroak aipatzen dira informazioan, eta lau euro kobratzera ere heldu da ordainagirian izen-abizenak jartzeagatik. Galde diezaietela, esaterako, garai hauetan eskolaz kanpoko jardueren ordainketak egitera bankuko leihatilara hurbildu direnei. Langileek eurek ohartarazita, aukera izan duenak ordainketa egiteko beste bide bat bilatu du, baina beste aukerarik izan ez duten zenbatek ordaindu behar izan dituzte bi eta lau euro horiek?
Ez da, gainera, zenbait zerbitzurengatik jarritako gehiegizko tasen adibide bakarra; hurbileko batek kontatu didanez, etxebizitza bat erosteko txeke bat egiteagatik 500 euro eskatzera heldu da banketxe bera. Ez da lehenengo zigorra, ezta Kutxabank praktika hauek dituen banku bakarra ere, eta ez da bankuen munduan gertatzen den bidegabekeria handiena, baina txikikeria ere ez da, eta batzuetan ematen du praktika horietara ohitzeko joera dagoela, bidegabea bai, baina etsipenez ordaindu eta kito.
Gauza da, leihatilara hurbildu eta horrelako jarrera eta prozedurekin topo egitean, gogora datorkidala pribatizazio prozesuan zehar zenbait eragilek kritikak eta kezkak agertzean agintari politiko batzuek lasaitzeko mezua bidaltzen zutela, «euskal bankua»-ren irudi hura, hiru kutxek zuten funtzio soziala eta errotzea galduko ez lukeen proiektua... Bankuak hitz egin du eta tasek disuasio-funtzioa dutela esan du, jendeak ordainketak egitera leihatilara jo ez dezan. Agintariek oraingoan ez dute ezer esan.