Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Urrundik matxino

Gauza bitxiak gertatzen dira garai nahasietan, eta dezente eramangaitzak ere bai. Gaurkoan politikariak alde batera utzita, hangoak eta, batez ere, hemengoak, Katalunia besterik ez dagoela dirudien honetan seko etsita nabil inguruko jende askoren jarrerarekin, eta jokabide inoiz baino aktiboarekin. Sekula ez dut politikari buruzko hainbeste elkarrizketa entzun, eta hori Euskal Herrian ez da gauza erraza. Tristeziaz diot: elkarrizketa edo ika-mika edo azterketa sasipolitikoak, gehienak; azalekoaz, telebista-kate espainiar eta espainolistek jasoarazi nahi digutenaz, Twitterren honek eta hark zabaldu dutenaz… eta solaskideetako askok, aktualitatearekin zeharo eguneratuta daudela etengabe erakusteari utzi barik, gauzak garbi baino garbiago izanda: Espainiako gobernua hormara eta gora Kataluniako Errepublika independentea! Gutxi falta izan dute bat-batean autoa hartu, eta Bartzelonako erdigunean agertzeko, J. Sanchez eta J. Cuixart atxilotu zituztenean, esaterako, halako injustiziari, errepresioari eta faxismoari ezin eutsirik (azkenean, baina, hiriburu katalanean ez, eta sare sozialetan adierazita, urrunetik).

Bada, jende hori bera, hemengoa, nik sekula ez dut ikusi Gure Esku Dago ekimenean parte hartzen; ez dut sekula ikusi, lehenago, besteren artean Otegiren edota Rafa Diezen edota zenbait abokaturen kartzelaldi luzeengatik suminduta, eta kalean erakusten; ez dut ikusi, ez lehen ez orain, Espainiako gobernuak estaltzen duen torturaz ezer aztertzen, ezer esaten, ezer egiten; ez dut ikusi orain ahotan betekadarik surrealistaraino darabilen erabakitzeko eskubidea, ez herri honena, ez emakumeona, ez beste edozeinena, ezta bere lagunartean ere defendatzen; ez dut ikusi sekula, jende hori, katalan independentistekin bezala, euskaldun independentistokin bat egiten, eskuz esku, eta gure kultura aldarrikatzen, gure hizkuntza babesten, are gutxiago ikasten, eta gure «aferaren» gainean Europak esku hartu beharra duela lau haizeetara zabaltzen.

Min ematen dit, gertukoenengandik bereziki, eta nazka ere bai. Nazka, ikusirik zein erraz hartzen duen jende gehiegik jarrera matxinoa, irmoa eta agerikoa, urruneko gatazken gainean; etxean eta egunerokoan, ordea, nahiz eta hainbeste kontu era berean injustiziaz, errepresioz eta faxismoz gainezka egon, pasibotasun eta isiltasunetik ez dira milimetro bat aldentzen, normaltasunaren erosotasuna antzeztuz, bertoko matxinada oro besteren esku utzita. Eta hori jende gehiegi da.