gara, donostia

EPPK-REN AGIRIA EUSKAL JENDARTEARI

Agiri hau idazterakoan beste ezer baino lehenago oroitarazi nahi dugu abuztukoan Kepa del Hoyo burkidearen heriotza deitoratzen bagenuen, oraingo honetan guganaino iritsi diren oihartzunen arabera Ibon Iparragirre burkidea dela heriotza-arrisku larri-larrian dagoena.

Ibonekin egiten ari direnak erakusten digu norainoko krudelkeria erabil dezakeen bere etorkizuna zalantzan ikusten duen Estatu batek. Hori baitago gure irudiko Estatu espainiarraren jokamolde ankerraren oinarrian. Mendeku politika da, bai, helburu argiak dituena, etsipena eta nekea eragin askatasunaren alde borrokan ari garenon artean. Euskal Herriko erakunde, antolakunde eta herritarren nahiaren gehiengoa mespretxatuz mantentzen den zigor politika horrek deserriratzea, sakabanaketa, kondenen luzapena eta gaixorik daudenen aurkako sadismoa ditu ezaugarri nagusi.

EPPK-ko kideok politika horren adibide praktiko ugari eman genitzake, kartzelan gauzkaten kide bakoitzeko bat gutxienez. Berdin egin lezakete gure senide eta lagunek ere, astebururo guri maitasuna, adorea eta babesa ematearren kilometroak eta kilometroak egiten dituztelarik osasuna kaltetuz eta kasu askotan bizitza arriskutan jarriz. Badakigu herritarren maitasuna eta miresmena dutela gureek, eta jasotzen duten babes horixe da haiengandik bananduta mantentzen gaituen egoera honetarako ukendurik sendagarrienetakoa.

Horiek horrela, agiri honen bidez Kolektiboak burutu asmo duen ekimen baten berri eman nahi diogu euskal jendarteari.

Izan ere, euskal herritar eta elkarte zenbaitek Gobernu frantsesari begirako ekimen bat abian jarri dute, datozen azaro eta abenduan burutuko dena. Ekimen horrek kartzelatuta mantentzen gaituzten Estatu frantseseko toki guztiak igaroko dituen itzulia du oinarri. Bakearen Artisauek Baionan ETAren armagabetzearen ostean burututako ekimenaren ondoren, presoon auzia konponbidean jartzeko aldarria egin zuten, datorren abenduaren 9rako hitzordua Parisen finkatuz.

EPPK-k herritarrek burutuko duten ekimen horretan bere ahalen arabera parte hartzea erabaki du, haiekin bat egiteko. Ondoren azalduko dugu nola:

- Azaroaren 16tik aurrera Kolektiboko kide guztiok Euskal Herriratze eskaera berrituko dugu (Euskal Herrian edo Frantzian helmugatzat aldarrikatzen ditugun kartzeletan dauzkaten kideek gainontzeko kideak bertara ekartzeko eskaera egingo dute).

- Abenduaren 9an jadanik iragarri bezala ikustaldi-greba burutuko dugu (zehaztu nahi dugu greba horren helburua ahalik eta jenderik gehien Pariseko hitzordura agertzea dela eta beraz egun horretan baino ez dugula egingo greba).

- Estatu frantsesean bahituta dauden kideek itzuliaren egonaldiaren araberako txandakako borrokaldia burutuko dute. Borroka-txandak:

Azaroaren 16tik 19ra: Mont de Marsan, Lannemezan eta Muret.

• Azaroaren 19tik 22ra: Tarascon eta Arles.

• Azaroaren 22tik 24ra: Roanne eta Moulins.

• Azaroaren 24tik 29ra: Châteauroux, St. Maur, Uzerche, Poitiers

eta Île de Ré.

• Azaroaren 29tik abenduaren 4ra: Rennes.

• Abenduaren 5etik 9ra: Alençon, Clairvaux, Osny, Poissy, Réau, Fleury eta Fresnes.

- Ekimen hau Estatu frantziarreko espetxeei begira pentsatua da batik bat. Bestalde, Estatu espainiarrean bahituta dauden kideei dagokionez, beren ekimenak itzuliak irauten duen bitartean antolatuko dituzte, batzar bakoitzak erabakiko duelarik zein txandari atxikitzen zaion. Estatu espainolean Ibon Iparragirreren kasuak bereziki adierazten duen moduan eta preso larriki gaixoen urgentziazko egoera kontuan hartuz, aldarrikapen nagusiak preso gaixoen kaleratzea eta deserriratzearen amaiera izango dira.

Borroka-motari dagokionez, batzar bakoitzak hautatuko du zer nolako ekimena eramango duen aurrera, baina edozein kasutan ez litzateke kartzelaren aurkakorik burutuko, helburua Kartzela Itzuliari babesa eman eta kartzela bakoitzeko egoera jendarteratzea izango delarik. Horretarako, propaganda ekimen eta antzekoak, baraualdi edo gose-greba eta abar burutuko ditugu.

Saiatuko gara kartzela, modulu edota kide bakoitzak bere herrira eta ingurunera gutun bidez jakinarazten zein den bizi duen egoera zehatza: erregimena, zenbat kide elkarrekin, denbora kartzelan, kondena, eta abar. Kartzela bakoitzak bertako baldintzei buruzko txostena ere burutuko du, presoon eskubideen aldeko elkarteek behar denean erabil ahal izan ditzaten. Txosten horren mamia ez da izan behar kartzela zehatzaren barne- eta bizi-baldintzei buruzkoa, baizik eta kartzela horretan deserriratuta egoteak ekartzen dituen eragozpen eta kalteei buruzkoa, bai presooi (Euskal Herriko informazio zuzenik eza edo beranta...) eta bai gure hurkoei (bidaia baldintzak, bidai orduak, gastuak, nekeak).

Guztion ahaleginarekin&hTab;amaituko dugu sakabanaketa&hTab;eta deserriratzearekin. Guztion ahaleginarekin lortuko dugu bahitu politikorik gabeko Euskal Herria! Larriki gaixo dauden presoak kalera!

Azkenik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren zuzendaritza berriaren hautaketarako bozkak jaso ondoren, Zuzendaritza berria osatzen duten kideen izenak hauek direla jakinarazten diegu euskal gizarteari, eragile sozial, politiko eta instituzional guztiei:

- Estatu frantsesean: Marixol Iparragirre, Iratxe Sorzabal, Mikel Albisu eta David Pla.

- Estatu espainiarrean: Ainhoa Mujika, Anabel Egues, Jon Olarra eta Josetxo Arizkuren.

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo eta ke, irabazi arte!

Euskal Herria bihotzean, 2017ko azaroa

EPPK

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!