Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

(Geure) estatu ikuspegia (espainiar) estatu kolpearen aitzin

Duela 25 urte –1992. urtean, hots–, elkarrizketa zaratatsuak egin genituen EAJko eta Herri Batasuneko ordezkariok. Munduaren norabideaz ez omen ginen jabetzen ezker abertzalean, etorkizuna estatuen ahultzea ekarriko zuen Europan baitzegoen, independentzia garaiz kanpoko egitasmoa zelarik. Bete-betean jo zuten jeltzaleek, Kataluniako zilegizko gobernuaren kartzelatzeak argitzen duenez. Edonork atzematen ahal du nola desagertzen diren estatuak, askatasunen Europa nagusitzen den bitartean!

Gero eta ahulagoak dira estatuak kapitalaren eta honen eragileen aitzin, prekarizazioa eta pribatizazioen zerbitzari prestuak direlarik, bai, baina sekurokrazia da prozesu honen beste aurpegia: autoritarismoa gora doa kapitalek erabaki dutelako ez dutela demokrazia formalaren mozorrorik behar. Mundu mailako joera da eta espainiar Estatuan aspaldiko tradizio autoritarioarekin egin du bat. Europako estatu ahulenetakoa dugu Espainiako Erresuma, beste batzuekiko periferikoa, ekonomikoki interbenitua eta subalternitate hori gainditzeko inolako estrategia edo asmorik gabekoa. Inperioa izan zen, alta, eta herritarrak suntsitzeko indarra, legeak eta konplexurik gabeko epaileak ditu, baita hori guziari demokrazia deituko dioten luma-mertzenarioak ere, jakina!

Lehia honen erdian dago Estatua. Espainiar Estatu ahul, oldarkor eta autoritarioa, batetik, eta sortzen ari direnak bestetik. Norbaitek uste baldin badu lehia estatalitatearen auzitik at bideratzen ahal dela, galdu du jada, edozein agertoki aldaketarako giltza bazterrera bota baitu. Soilik espainiar Estatuari aurre eginen dioten estatuen bidez izanen da posible panorama aldatzea. Espainiak ederki daki hori, horregatik Kataluniako Estatua desegin nahian dabil, oraino guztiz lortu ez badu ere.

Gurean ere, geure estatuaren ikuspegia indartu behar dugu. Besteen estatuetan hondamendira goaz herri eta herritar gisa. Begirada luze eta urrats sendoen tenorea da.