J.L.
sokatira

Arnegin jakingo da zein diren denboraldiko aurreneko finalistak

Euskal Herriko Goma Gaineko Lauko Txapelketan gaur jokatuko da ligaxkako azkeneko jardunaldia 320ko mailan. Arnegin izango da saioa, 17.00etatik aurrera.

Ñapurrak, Ibarra B, Baigorri, Ibarra A, Txantrea, Getxo eta 6 Conceyos izango dira lehiatuko diren taldeak. Bi jardunaldietako puntuak batu ostean, azken sailkatua geratuko da finaletik kanpo. Lehen jardunaldian aurreneko hiru taldeek berdinduta amaitu zuten.

Sondikan, berriz, bihar 11.00etan Bizkaiko Goma gaineko Txapelketa abiatuko da, bertako azoka eremuan. Karpa bat jarriko dute, gainera, euriari aurre egiteko. Gaztedi, Gaztedi neskak, Abadiño A, Abadiño B, Murueta A, Murueta B eta Sokarri izango dira lehiatuko diren taldeak.

Bestalde, Lakuntzan, Nafarroako Txapelketako saioak izango dira gaur, 11.00etan. Mutilen taldeak zortzi tiralariz osatutakoak izango dira, eta 600eko mailan arituko dira. Berriozar, Beti Gazte eta Antsoain izango dira lanean jardungo dutenak.

Gaurkoan 550eko lehen jardunaldia ere jokatuko da, eta aipaturiko maila hori talde mistoek osatuko dute. Berriozar A, Berriozar B, Beti Gazte, Antsoain A eta Antsoain B lehiatuko dira.