Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Piztiak kalean, piztiak epaitegietan

Sekula ez dut hainbeste proposamen jaso txoko honetara ekartzeko, egunkari hau den plaza publikoan garbi eta ozenki agertzeko jendea suminduta eta amorratuta dagoela, eskandalizatuta sanfermin haietan jazotako bortxaketa kolektiboan egiatan nor epaitzen ari diren ikusita, eta nola; horrek argi erakusten du bortxaketari oro har zelan jarraitzen zaion heltzen: biktimarengan berarengan izenik ez duen moduan arakatuz, haren jarreran, haren jokabidean, haren janzkeran, haren keinu eta hitzetan, haren hitzik ezean… ebazteko gizarte matxista batek ezarritako profil jakin batekin bat egiten duen ala ez, bortxatua izateak izateko eta egoteko modu bakar batera eta horretara baino eramango ez bazintu bezala. Aurrera egiteko era hori da otzantasuna eta geldotasuna, izan zinenaren itzal isilagoa bilakatzea, ez nabarmentzea, emakumetasun-maila ahalik eta gehien apaltzea; finean, behar bezalako biktimarena egitea, irudi hori zabaltzea. Bestela, izorratuta zaude, sinesgaitza zarelako, plantak egiten ari zarelako, eta seguruenik bortxatu, bortxatu benetan, ez zintuztelako bortxatu.

Bortxaketaren kultura honetan, izugarria da nola zamatzen gaituen sistema judizialak (patriarkatuak erabat bustia, beste arlo guztiak bezalaxe) emakumeok, nola beste krimen mota batzuetan ez bezala ekintza bera barik pertsona erasoa epaitzen den, une fatidiko haren aurretik, une fatidikoan bertan eta une fatidikoaren ostean. Emakumeon gain dago ezezkoa nahikoa irmotasunez adierazi genuela frogatzea, horixe baita guztiaren muina, horren arabera baita edo ez bortxaketa: gizonezkoek andrazkoen borondatean gutxieneko arrakala sumatuz gero, egoera zalantzagarria da, eta gerta daiteke gaizki-ulertua, nahastea, tamalgarria beharbada, baina ez bortxaketa. Horretarako, indarkeria fisikoa egon behar da, eta egundokoa, bai eta biktimaren gorputz erresistentzia eredugarria ere; horixe da gure munduan biolentzia sexuala ulertzeko modu bakarra. Sexu-harreman onartu eta gozatuek inoiz dudatik, pasibotasunetik edota gaizki-ulertutik zerbait balute bezala.

Hori delako gure sexu-kultura, eraldatu nahi ez eta transmititzen jarraitzen delako. Horregatik segitzen dugu emakumeok arriskuan egunero eta edonon, milioika bortxatzaile potentziali bide ematen zaielako, eta emakumeon esku uzten delako, jaiotzetik gene bat balitz bezala, basapiztiei behar den moduan aurre egiten jakitea, betiere nahikoa tinkotasunez. Iruñeko epaitegian barne.