Mikel Jauregi
Kazetaria
IKUSMIRA

Arriskutsu eta armatuak

Gizaseme honek [Adolf Hitlerrek] bazekien gauzak nola egin, gizaseme hau jaungoikoa da, tximiniak kea bota eta bota arituko lirateke agintean balego». «Moroak eta haiek defenditzen dituztenak, sasikumeak». «Nik itsasora jaurtiko nituzke, arrainentzako janari». «Hobe gas-ganbera». «Napalma ez al zuten asmatu zikinentzako?». «Hori dirua da, hobe garondoan balazorro hutsak mailukadaka sartu». «Hor [Madrilgo auzo Lavapiesen] gar-botagailu eta baionetekin sartu beharra dago». «Hil bedi behingoz emagaldu zahar hori [Manuela Carmena alkatea]». «Ea La Sexta lehertzen den haiek [Ana Pastor eta Antonio Garcia Ferreras kazetariak] barruan direla». «Eta egun horretan han egon bitez Pablo Iglesias eta [Gabriel] Rufian». «Zikinen aurkako ehizaldiekin hasi beharra dago».

Ez dira aspaldian borborka itzaletik ateratzen ikusi ditugun neonazien mezuak, Madrilgo Udaltzaingoaren Whatsapp taldean idatzitakoak baizik. Ehundik gora polizia biltzen ditu txat horrek eta dozena erdi dira mezuen egileak –bati «fuhrer» esaten diote–. Gainerakoetatik, bakarrak –bai, bakarrak– hartu zien kargu. Eta salatu egin zituen. Erantzuna: «Kontuz, ez zara-eta erretirora iritsiko».

Azken berriak dira polizia hitlerzale horietatik hiru lan eta soldatarik gabe dauzkatela eta horrek Udaltzaingoaren sindikatu nagusia sutan jarri duela: «Carmenaren bahituak dira, udaltzainen irudia zikindu nahi izan dute...».

Arriskutsuak dira, eta armaturik daude. Legeak berak armatzen ditu. «Mendekatzaileak gara. Justizia egiten dugu. Behar dugun tokian gaude, kalean. Hiltzea da gure leloa». Horra, txat batean idatzita, askoren usteak baieztaturik.