EDITORIALA
EDITORIALA

Estatuko fiskal nagusi berria; izena eta izana

Mundu osoan ezagunak dira (neurri handi batean ‘‘In the name of the father’’ film arrakastatsua dela medio) Erresuma Batuko agintariek IRAren aurkako borrokan eginiko zenbait ankerkeria: «Guildfordeko lauen» auzia, «Maguire familiako zazpiena»... Euskal Herrian dozenaka euskal presori eta beren senideei ezarritako «Parot doktrina» izenekoa ez da hain eskandalagarria suertatu, baina hainbat auzitegiren «akats» bat baino askoz gehiago izan zen: espresuki planifikatutako Estatu mailako bidegabekeria, espetxealdiak luzatzeko asmatua. Indarrean egon zen zazpi urteetan zehar asko izan ziren prozedura hori legez kontrakoa zela ohartarazten zuten ahotsak, baina entzungor egin zuen Estatu espainolak, Estrasburgoko Auzitegiak bertan behera uztera behartu zuen arte. Ordurako euskal preso batzuk kalean ziren, kartzelan sei urte gehiago emanda. Esan beharrik ere ez, ez zutela inolako erreparaziorik izan.

Lehenengo epai hura idatzi zuen epailea Julian Sanchez Melgar izan zen. Berak ere ez du inoiz horren damurik agertu. Benetako zuzenbide estatu batean kargugabetua izango zen horren ostean, baina 2013tik hona Auzitegi Gorenean aritu da berdin-berdin, eta hori gutxi ez eta orain Estatuko fiskal nagusi bilakatuko du PPk, zendu berri den Jose Manuel Mazaren tokia hartuz, Euskal Herrian 2006an erakutsi zuen portaera orain Katalunian baliatzeko.

Hautapena deitoragarria da, dudarik gabe, baina ez da izen kontua, jakina; izana da. Sistema espainolean fiskal nagusiaren funtzioa garaiko Gobernuaren beso errepresiboa izatea da, behar duenetan eskubideak –baita legeak ere– bihurrituz eta bortxatuz. PSOEk eta Ciudadanosek orain azalduriko kritikak –PPrengandik hurbilegi omen delako– ez du inor engainatzen. «Parot doktrina» idatzi zuenean, PSOE agintean zela eta Sanchez Melgarri Justizia ministroa zen Juan Fernando Lopez Aguilarrek bidea seinalatu ziola gogoratzea besterik ez dago.