J.L.
sokatira

Lauko ligaxkako azken saioa jokatuko da Ibarran

Goma Gaineko Lauko Euskal Herriko Txapelketa amaitzeko bi ekinaldi besterik ez dira geratzen, eta bihar 11.30ean Ibarrako Belabieta kiroldegian jokatuko dira ligaxkako azkeneko jardunaldiak.

Emakumezkoek 260ko mailan ari dira lehiatzen eta hamar talde direnez, bi multzotan banatuta arituko dira. Bi jardunaldietako emaitzak batu, eta bakoitzeko hiru onenek lortuko dute finalean aritzeko txartela.

A multzoan, Ibarra A eta Badaiotz berdinduta geratu ziren lehen postuan, eta hirugarren Beti Gazte sailkatu zen. Ondorioz, aste honetarako ere talde hauek dira faboritoak, baina atzetik geratu ziren Txantrea B eta Antsoain saiatuko dira ezusteren bat ematen. Halere, azken bi hauek zaila izango dute finalerako bidea egitea. B multzoan, berriz, Txantrea A, Berriozar, Ibarra B, Bizindar eta Uztaritze izan zen joan den asteko sailkapena. Gauzak ikaragarri aldatzen ez badira, oso litekeena da emaitzak berriro errepikatzea. Emaitzak joan den asteko berberak badira, aurreneko hirurak izango dira finalean.

Mutilak ere bi multzotan banatuta ari dira lehiatzen. A multzoan, joan den astean, Beti Gazte izan zen onena, eta atzetik Baigorri, Sokarri, Ibarra A, Txantrea, Berriozar A eta Getxo sailkatu ziren. Emozioa iragartzen da multzo honetan. Ibarra lehen jardunaldian laugarren sailkatu zen, eta finalean izan nahi baldin badu, gaur gorago geratu beharko du. Etxean jardungo dute, eta nahiko dute finalerako txartel hori eskuetan izatea. 

B multzoan, Ñapurrak izan zen irabazlea, baina bigarren berdinduta geratu ziren Ibarra B eta Berriozar B. Atzetik Kaskailueta, Murueta, Uztaritze eta Antsoain sailkatu ziren.