J.L.
Harri-jasotzea

Izeta IV.ak harri kubikoarekin erabaki du finalerdia

Izeta IV.ak lortu zuen atzo Zaldibiako pilotalekuan Gabonetako Kopako finala jokatzeko txartela, Telleria IV.a mendean hartu ostean. Zarauzko harri-jasotzaileak harri kubikoarekin erabaki zuen auzia, han lortu zuen aldea erabakigarria izan baitzen.

Kirolari bakoitzak  kubikoa, zilindro zaharra eta bola erabili behar izan zituen, denak 100 kilokoak. Bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izan zituzten.

Telleria IV.a izan zen atzoko saioan lanean hasten lehena, eta zilindroari 27 jasoaldi eman zizkion. Atzetik joan zen Izeta, eta zarauztarrak bat gutxiago eman zion. Lehen harriaren ostean, urnietarrak jasoaldi bateko aldea zeukan bere alde.

Bigarrengoan erabili zuten kubikoa, eta hor kendu zion aldea Izetak. Aurka zeukan desabantaila hori irauli eta agintzera pasatu zen. Hamabost jasoaldi eman zizkion Telleriak, eta Izetak, berriz, hiru gehiago.

Bola geratzen zen finalerdiko lanak amaitzeko, eta Izetak bi jasoaldiren aldea zeukan bere alde. Bolarekin, Telleriak berriro ere lan ona egin zuen, eta hemeretzi jasoaldi eman zizkion. Atzetik Izetak bat gutxiago jaso ahal izan zuen, hemezortzi, baina kubikoarekin lortutako alde horri esker, garaipena lortu ahal izan zuen Izeta II.aren semeak. Denera, Izeta IV.ak 62 jasoaldi lortu ahal izan zituen, eta Telleria IV.ak, berriz, 61 jasoaldi.

Ondorioz, hilabete honetako azkeneko egunean Asteasuko pilotalekuan jokatuko den Gabonetako Kopako finalean, Izetaren eskolako bi harri-jasotzaile izango dira. Alde batetik Izeta IV.a, eta, bestetik, Mikel Lopetegi. Dudarik gabe finala oso erakargarria izango da, biak Izetaren eskolakoak izateaz gain, biak ere zarauztarrak baitira.