Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Amazon efektua

Datozen egunotan opariz beteko dira Euskal Herriko etxe gehienak. Eta opari horietatik asko eta asko, ziur aski, Amazon multinazional estatubatuarrak ekarri ditu etxeraino. Eta Amazonen erositako opari horietatik asko, aurrez dendaren batean ikusi, ukitu eta probatutakoak izango dira gainera. Baina Amazonen merkeago erosi dugu. Eta oso denbora gutxian (gero eta azkarrago), etxeraino ekartzen digu. Baina nola da posible dendan baino merkeago erosi ahal izatea Amazonen eta honek etxeraino ekartzea? Modu bakarra dago: epe ertain-luzerako estrategia batekin, epe laburrean dirua galtzea onartuz.

Amazonen estrategiaren ardatz nagusietako bat prezio baxuak eta marjina estuak dira. Prezioa ahalik eta baxuena izango da. Horrek, noski, marjinak asko estutzen ditu. Amazonek muturreraino eramaten ditu: salmenten gaineko %1, asko jota. Eta hala, denbora batean, salmentak modu esponentzialean haztea lortu du, dirua galtzearen truk.

Eta Amazonen salmentak ikaragarri hazi direnez, beste askoren salmentak jaitsi dira. Eta poliki-poliki, modu kontzientean, denda handi eta txiki asko ixten ari da Amazon. Baita zentro komertzialak ere. Amazonen ibilbidea meteorikoa da. Oraindik ez ditu 25 urte bete. Eta burtsan lehen bosten artean dago. Eta gora egiten du etengabe. 2016ko merkataritza elektronikoko salmenten igoeraren %53 Amazoni lotua dago. Gainontzeko guztien artean banatzen da beste %47a. “Amazon efektua” deitura jarri zaio. Eta “Amazon efektu” hori da dena arrasatzen ari dena.

Amazonen helburua txikizkako merkataritzaren jabe egitea da: merkataritza minoristaren monopolio bilakatzea (gero prezioak igotzeko). Eta oraingoz bere estrategia bortitzarekin asmatzen ari da, kontsumitzailea erabat seduzitu baitu.

Norberaren esku dago Amazonen prezioen sedukzioari erantzutea edo bestelako eta gertuko dendei arnasa ematea. Barazkiak erosteko unean bezalaxe, gainontzeko erosketekin ere, gure eguneroko erabaki txikiek definitzen dute nor garen. Eta nolako mundua nahi dugun.