Patxi Etxegarai Garaikoetxea
Zerga-eragozlea
KOLABORAZIOA

Eragozpen fiskala

Zergen bidez zergadunok gizarteak behar dituen zerbitzu publikoak mantentzen laguntzen dugu. Era berean, hiritar guztiak babesteko kalitatezko zerbitzu publikoak dituen gizarte batek ahalik justu eta progresiboenak diren politika fiskaletan finkatu beharko luke. Halaber, diru publikoa kudeatzen duten instituzioek ematen dioten erabilerak ere garrantzia du. Kontua ez da soilik zenbat ordaindu behar duen norberak, instituzio publikoek gure dirua zertan gastatzen duten ere inportantea da. Ez da hutsaren hurrengoko kontua eta gastu militarraren kasua paradigmatikoa da. Estatuek gerraren negozio suntsitzailean are eta baliabide gehiago erabiltzen duten bitartean, gero eta gutxiago inbertitzen dute osasunean, hezkuntzan, kulturan…Gastu militarrak ez du deus positiborik ekartzen; aitzitik, gizartearen garapen demokratikorako eta orokorrean aurrerapenerako oztopoa baino ez da. Eragozpen fiskalak horretan eragiten du zuzenean, gastu militarrarekin diru publikoaren bidez ez kolaboratzeko estrategia den aldetik.

Zerga-eragozleok egokitzen zaizkigun zergak ordaintzen ditugu, baina desmilitarizatuz. Horretarako errenta aitorpena egiteko tenorean zergen zati bat, gastu militarrari dagokiona, desbideratzen dugu izaera soziala edota kulturala duten beste kolektiboetara, gure kontzientziaren arabera gure dirua erabiltzeko egokiagoak direnak.

Ildo honetatik, Nafarroako Foru Ogasunak indarrean dagoen araudiaren arabera objekzioa egiteko eskubiderik ez dudala jakinarazi dit eta azken lau urteetako aitorpenetan desbideraturiko diru kopuruak berriro ordaindu behar ditudala. Nik hau alegatu dut: «Zergen bidez ezein ejerzitoren finantziazioan eta gerrak sustatzeko erabiliko den ezein armaren erosketan kolaboratzeari uko egiten diot. Batez ere, planetako eskualde ezberdinetatik lekualdatzera beharturik babes bila alderrai dabilen milioika gizaki dagoela jakinik, gastu militarraren zuzeneko biktimak direnak. Honez gain, Bardeako tiro poligonoa nire zergen bidez mantentzeari ere uko egiten diot, bertan gerra-hegazkinak entrenatzen baitira, nirekin zerikusirik ez duten interesengatik beste toki eta pertsona batzuk bonbardatzeko. Gastu militarren aurrean eragozpen eskubidea edozein araudiren gainetik dagoela uste dut».

Nire arrazoibidea ez da aintzat hartua izan, baina espero dut Nafarroako Gobernuak aurreko apirilean Foru Parlamentuan onarturiko deklarazioa bere eginen duela. Deklarazioa KEM-MOC eta SETEM Nafarroa kolektiboek eraman zuten Parlamentuko Eskakizun Batzordera, eta bertan Gobernuari eskatzen zaio, besteak beste, errenta aitorpena betetzeko inpresoan bakearen eta giza eskubideen aldeko aportazioak aitortzeko laukia izatea, eta ez Defentsarako aurrekontuen bidez. Eta Estatuarekin Hitzarmen Ekonomikoa negoziatzeko unean Nafarroako ekarpenetik ken dezala Estatuaren hurrengo aurrekontuetan Defentsarako aurreikusitako portzentajea. Eragozpen fiskalari babes legala ematea bakean inbertitzen hasteko modurik hoberena da.