Mikel Zubimendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Ziberpunk anarkistaren ametsa Wall Street-en

Amets libertarioa gauza ederra da, noblea, aspirazio osasungarria. Aginpide zentral baten kontrolik gabe gizabanakoaren eskubidea lege, tratuak berdinetik berdinera, pribatutasunez, gobernu baten baimenik gabe. Benetan ideal ondratu eta legitimoa.

Aspaldi izan nuen teknologiak amets hori egingarri bilakatuko zuela aurreikusten eta ziur esaten zuten lagunak ezagutzeko zortea. Ziberpunkak, kriptoanarkistak deitzen zieten. Gune sozial autogestionatuetan gotortutako jendea zen, ustez bazterrekoa edo marjinala, beltzez jantzitakoa, eskuzabala, teknologietan oso aurreratuak.

Oroitzen naiz nola zioten, berandu baino lehen, jende guztia gauza guztiekin, noiznahi eta nonahi, konektatua izango zela eta Internet gure luzapen sozial, fisiko eta mentala izango zela. Nonahiko konputazio ahalmena izango genuela, poltsikoetan superordenagailua, datuak prozesatzeko memoria ia mugagabea. Bizigabeko objektuak digitalki lotu eta mundu fisikoa instrumentatuko genuela. Istantean sortuko genituela material fisiko pertsonalizatuak, digitalki transmititutako parametroekin. Eta egoteko lasai, kriptografiak ahalbidetuko zituela informazio delikatuak digitalki bidaltzeko bide fidagarri eta seguruak, inork transferentzia hori miatu edo ziurtatu beharrik gabe.

Nahikoa genuen, orain bezala orduan ere, gure herri maite eta demontrearen askatasunerako aurrerabideekin. Ez genituen serio hartu, beste mundu batekoak ziruditen. Gaur ikusi dut lagunaren irudia izokin-koloreko egunkari ekonomikoan, Bitcoin kriptomonetaren aditu goren.