Oihane LARRETXEA
SARITUTAKO IDIAZABAL GAZTANDEGIEI ESKER ONA

ARTALDE ONAK, GAZTA HOBEAK

UZTA OPAROA BILDU DUTE IDIAZABAL IZENDAPENDUN GAZTEK AMAITZEAR DEN URTE HONETAN. NAZIOARTEAN EGINDAKO LEHIAKETETATIK EZ DIRA ESKU HUTSIK BUELTATU ETXERA, EZ HORIXE: 63 SARI IRABAZI DITUZTE 31 GAZTANDEGIK, TARTEAN MUNDU MAILAKO WORLD CHEESE AWARDS OSPETSUAN 52 DOMINAZ OSATUTAKO PALMARESA.

Azala horixka, laranja, zuria… zaporez ketuak edo gabeak, handiagoak edo txikiagoak, baina denak borobilak eta ogibideari dioten maitasunaz eginak. Ez dago ordutegirik, erritmoa abereek, ardiek beraiek jartzen dutelako, naturak ere bai. Dedikazioa erabatekoa da eta garai onetara iritsi aurretik, sasoi gogorrak daude. Ekinez egina da artzainena eta gaztagileena.

Urtea amaitzear dela balantzea ezin hobea da Idiazabalgo izendapena duten gaztandegiek egiten dutena: nazioartean egin diren hainbat lehiaketetan parte hartu dute eta asko ez dira esku hutsik bueltatu. Hori guztia eskertzeko modua izan zen Ordiziako Gabonetako feria bereziaren barruan atzo antolatu zen ekitaldia.

Elisabeth Gorrotxategi La Leze gaztandegikoaren izena behin eta berriz aipatu zen. Emaitza onak eman dizkio urte honek: Londresen egin zen World Cheese Awards ospetsuan bi domina irabazi zituen: bata, urrezkoa; bestea, brontzezkoa. Madrilgo Gourmet Gaztak lehiaketan ere beste hainbeste domina eraman zituen baserrira: urrezkoa eta zilarrezkoa; eta ekainean Erresuma Batuan izandako “Great Taste” deialdian lau izar lortu zituen guztira. Are gehiago, 10.000 produkturen artean lehiatu eta munduko 150 jaki onenen artean Araban egindako gazta sailkatzea lortu zuen gaztandegi txiki honek.

Jose Mari Jauregi senarra eta Arkaitz eta Gaizka semeak ditu lantaldearen beste piezak. Denak ezinbestekoak familia negozio hau aurrera ateratzeko. Pozarren agertu zitzaion GARAri Gorrotxategi. Azken urteak «oso onak» izan direla adierazi zuen, baina 2017ak marka guztiak hautsi dituela erantsiz. «Borobila», zioen.

Sariak zoriontasun iturri dira jakina, baina hots, exijentzia maila igo egiten dute errekonozimenduek, Gorrotxategik dioenez. Hor mantentzeak egunero hobea izaten saiatzea eskatzen du. Eta hala egiten dute Ilardua herrian duten baserritik. Bertako larreetan ibiltzen da artaldea. Bazka horretatik «oso esne berezia» ateratzen dela dio, nortasun berezikoa. Eta emaitzen arabera, paregabea.

400 ardi inguru dituzte, eta uneotan kumeen zain daude. Errege egunaren bueltan erditu eta hilaren erdialdera jezten hasiko dira, martxoaren bigarren astetik aurrera denboraldi berriko salmentekin hasteko. Egunero egiten dituzte 40 gazta inguru. Inguru diogu, hauek ez direlako matematikak, eta agindu agindu, esan bezala, ardiek agintzen dutelako.

Faktore sekretuak

Pozarren baita ere Javier Muñoa, Zeraingo Basazabal baserritik ateratzen diren gaztek ere fruituak bildu dituztelako, eta ez makalak. 2017 Roma saria nazioarteko lehiaketa ospetsuan aurrenekoz lehen saria Idiazabal izendapena duen gazta batek irabazi du. World Cheese Awards deialdian, bestetik, brontzezko domina bat irabazi zuen eta Austriako lehiaketa ospetsuan hiru guztira. 2015ean, gainera, munduko 50 jaki onenen artean sailkatu zuten bere gazta ketuetako bat.

Besteen gainetik gailenduko den gazta batek izan behar duen nortasunaz eta ezaugarriez galdetuta, gaztagileak zera aitortu zuen, badaudela faktore batzuk edo baldintza batzuk berak ere ezagutzen ez dituenak, ez daudenak inoren esku.

40 urte baino gehiago dira ogibidean hasi zela, baina gazta egiten ikusi du jaio zenetik. Eguzkia ateratzen ikustea bezalakoa da Muñoarentzat gaztak egitea. Artaldea ondo zaintzea, baita ere. Larre onenak eskaini, beren zikloak errespetatu, behar dutena eman, haiek ematen digutena are gehiago delako.

Bertsolariak irekiera ekitaldian aipatu zuen, eta arrazoia ez zitzaion falta: artalde onetatik, gazta hobeak ateratzen dira. Hori, ordea, Euskal Herriko txokoetan dauden gaztagileen meritua da. Osorik.