Ez biguntzeko erronka
Gabon gaueko afarian eta Eguberri eguneko bazkarian bi eztabaida mamitsu sortu ziren gurean, zeintzuek mahai dotoreko hauts guztiak harrotu zituzten, eta niri neuri gerora zer pentsatua eman zidaten… Lehenengoan, lehengusuak kontatu zuen bazkari batean gizon adineko samar bat egokitu zitzaiola ondoan, majo ardozale eta txantxazalea, eta nola gizonari emakumezko zerbitzaria jainkosa hutsa iruditzen zitzaion, hain ilehoria eta ederra bera, eta oturuntza osoa plater bakoitza ekartzen zuenean hura miretsiz eman ondoren beraiekin argazkia ateratzeko eskatu zioten, eta nola jainkosak, hain ederra ez ezik izugarri jatorrak, onartu egin zuen. Argazkia erakutsi zigun. Gero, mahai gaineko jakiak barik lehengusua irentsi genuen ia, denok hasi baikinen kargu hartzen halako ekintza matxistan parte hartzeagatik eta, gainera, dibertigarria balitz bezala lotsa barik kontatzeagatik, dokumentu grafiko eta guzti, eta bere seme-alabek frijitu zuten galdezka zer irudituko zitzaion zerbitzari hura alaba izan balu, bere alaba jada heldu eta eder eta ilehori maitea, zeina une horretan aitaz lotsatuta agertu zen. Lehengusuaren aurpegia benetan harridurazkoa zen, benetan ez zuen harrapatzen zergatik halako iskanbila, zergatik halako sumina, zer eta emakume bati argazki bat eskatzeagatik, horren ekintza xaloa. Pena eman zidan, jakin sobera baitakit lehengusua oso tipo ona dela, zintzoa eta jatorra. Baina gauza batek ez du bestea kentzen, pertsona maite bat izan arren.
Bigarrenean, urte askoan dantzaria izandako lehengusinak adierazi zuen –hori bai, aurretik bere iritziagatik denoi barkamena eskatuz– euskal dantza batzuk mutilek bakarrik dantzatzen jarraitu beharko luketela, ez direlako berdin ikusten neska baten mugimenduan, ez dutelako xarma bera, ez dutelako erakusten gizonen berezko indarra. Esan zuen, bada, inor iraintzeko inolako asmorik gabe, baina mahaikideon mingainak, euskal dantzan barik, kontrako argudio-dantzarik heavyenean jarri ziren, emakume gazte batek hurrengo belaunaldietako neskatilen aukeren kontra nola egin dezakeen aurpegiratuz, eta orduan ere hain zuzen lehengusina horrek egindako postrea barik lehengusina bera irentsi genuen ia. Pena eman zidan, jakin sobera baitakit lehengusina oso tipa ona dela, zintzoa eta jatorra. Baina gauza batek ez du bestea kentzen… Pertsona maiteak izan arren, ez penarik ez konplizitaterik ez onberatasun-keinurik gure kulturatik adierazpen sexista oro desagerrarazteko jarduna nola edo hala oztopatuko dutenekin.