Soto batean pizturiko suak kalteak eragin ditu Seaskaren egoitza nagusian, Kanbon
Kanboko Xalbador kolegioaren eremuan kokatzen den Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren egoitza nagusian sua piztu zen atzo goizean.
Goizeko 8.30 aldera suhiltzaileek deia jaso zuten Ene Pentzean izeneko eraikinaren azpiko lokal batean sua piztu zela ohartaraziz. Seaskako langileek beraiek eman zuten abisua, bulegoetara joan eta ke usaina nabaritu zutenean. Ikastolen egoitza nagusian idazkari lanak egiten dituen Mari-Jo Larraldek hedabideen aurrean adierazi zuenez, bulegoko leiho-ateak zabaldu zituenean beheko sotoari kea zeriola konturatu zen. Abisua eman ondoren suhiltzaileek «kanpora ateratzeko» agindua eman ziotela azaldu zuen. Berehala, goiko estaian ziren beste lau langileekin batera, karrikara irten zen. Azken horiek eskailerak jaitsi zituztenerako dagoeneko ke geruza handia zegoen.
Paperezko artxiboak, ordenagailu zaharrak, eta, bereziki, heldu den maiatzaren 13an ospatuko den Herri Urrats bestarako prestaturiko materialak baziren sua hartu zuen sotoan.
Hain zuzen ere, sua ez zabaltzeko erretako puska horiek erretiratzeko lan mardula egin zuten suhiltzaileek. Orotara Kanbo, Hazparne eta Angeluko kasernetatik heldutako hogei bat suhiltzaile bertaratu ziren egoitzara. Ordubete luze behar izan zuten sua menperatu arte.
Inor ez zelako mindu kontent agertu baziren ere, suak eginiko kalteak zehazteke daudela oroitarazi zuten Seaskako iturriek.