Jon LEUNDA
Aizkora

Urrezko saioa Beizamako pilotalekuan izango da

Gizonezkoen Binakako jardunaldia eta nesken Buruz Burukoa ere jokatuko da, 12.00etatik aurrera.

Gizonezkoen Binakako eta emakumezkoen Buruz Buruko Urrezko Aizkorako jardunaldia jokatuko da bihar, Beizamako Ilaunpe pilotalekuan, 12.00etan hasita.

Eneko Otaño eta Juanjo Lopez arituko dira alde batetik, eta bestetik, berriz, Jon Irazu eta Xabier Zaldua. Lehen bikoteak jadanik jokatu du saio bat eta galdu egin zuen. Bigarrenak, berriz, pasa den larunbatean zuen jokatzekoa aurrenekoa, baina eguraldia zela-eta, bertan behera utzi behar izan zuten. 

Saio oso garrantzitsua izango da Lopezentzat eta Otañorentzat. Alde batetik, Otaño bere herrian arituko da; eta bestetik, berriz, oraingoan ere galduko balute, aipaturiko bikoteak oso zaila izango luke gutxienez finalerdietan izatea. Zalduak eta Irazuk, berriz, oraindik saiorik jokatu ez dutenez, irabaziko balute, aurrera begira urrats garrantzitsua egingo lukete, eta galduko balute, oraindik beste bi saio izango lituzkete aurrean.

Nesken Buruz Burukoan, berriz, Irune Izkue eta Nerea Sorondo lehiatuko dira. Izkuek saio bat jokatu du, eta bera irabazi egin du, eta berriro ere garaipena lortuko balu, aurrera begira urrats handia egingo luke. Sorondok, aldiz, oraindik ez  du jokatu, berak ere pasa den larunbatean jokatu behar baitzuen Elorrion, eta bertan behera geratu zen. 

Harri-jasotzeko lehiaketako saioa ere izango da bihar Beizamako pilotalekuan, eta bertan arituko da Imanol Illarramendi. Berak 175 kiloko harri errektangularra eta 150 kiloko kubikoa erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, bi minutuko txanda bat izango du. Orain arte, Xabier Aranburu aritu da, eta berak 8 jasoaldi eman zizkion errektangularrari eta 6, berriz, kubikoari. Denera 14 jasoaldi lortu zituen, eta Illarramendiren aurreneko helburua Aranburuk jarritako marka hori ontzea izango da, bere aurretik jartzeko.