Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Eman dezagun

Demagun larunbat goizean Hawaiin jazo zen alarma faltsua –misilen bat zetorrela iragarri eta jendeari babeslekuetara joateko agintzen zuena–, ofizialki adierazi den bezala, hutsegite humano arrunta izan dela, «sakatu behar ez zen sakagailu baten» kontua, alegia. Beraz, kasualitate hutsa litzatekeela larunbat goizean gertatu izana (munduko burtsa guztiak itxita daudenean), Hawaiin gertatu izana (luzaz Asia Ekialdetik gertuen dagoen lurralde estatubatuarrean), hutsegiteaz jabetu eta konpontzeko behar litzatekeen denbora baino askoz gehiago tardatu izana alerta indargabetzeko... Eman dezagun.

Demagun kasualitate hutsa dela bi egun geroago, “New York Times” egunkarian gertakari horri buruzko gogoeta (esanez hutsegitea eta gerraren arteko muga lausoa islatzen dutela horrelakoek) egiten zuen zutabearen alboan, beste hau aurkitzea: «Armada [estatubatuarra] planak lantzen ari da azken aukerarako: Ipar Korearekiko gerrarako». Beraz, ez dagoela loturarik bien artean, kasualitatezko aldiberekotasunaz kanpo. Eman dezagun.

Demagun aldiberekotasun hori besterik ez dagoela ere urte berriarekin bi estatu korearren artean hasi dela dirudien barealdi horrekin. Iazko crescendo belikoaren bidez potentzia nuklear bihurtzen arrakasta (Putin dixit) lortu ondoren, txanponaren ifrentzu diplomatikoan saiatzen arituko litzatekeen Kim-en nahiak zapuzteko deliberorik ez legokeela, beraz. Eman dezagun.

Demagun kointzidentzia horietako beste bat baino ez dela Txinako Baodingen duela bi aste ikusi zena: Xi Jinping kanpaina-uniformez jantzita, XXI. mendeko terrakota-gudarien moduan aurrean zituen 7.000 soldaduei, eta Txina osoko beste 4.000 puntutan tente omen zituenei (hau da, armada osoari) zuzenean hitz egiten. Eta, beraz, haren hitzek («zaudete prest gerra egin eta irabazteko»; «ez izan beldurrik heriotzari eta sufrikarioei») ez dutela zerikusirik Koreako krisiarekin. Eman dezagun.

Baina horrela ez bada?