Mikel Jauregi
Kazetaria
IKUSMIRA

Tartetxorik ez torturari?

Emakundek plazaratu duen azken txostenak “EAEko emakumeen atxiloketa polizialaren esperientzia” du izenburu. Aste honetan aurkeztu dute eta inork pentsa zezakeen, goiburuari eta herri honetan gertatu direnei erreparatuta –Lakuak berak onartu berri du–, orrialde horietan izango zutela lekurik tratu txarrek eta torturek. Bada, asko pentsatzea izan da.

Txostenaren sustatzaileek eta egileek argudia dezakete bere muina eta helburua beste bat dela: zehazki, 2011. eta 2016. urteen artean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan polizia-indarrek atxilotutako andrazkoen esperientzia genero ikuspegitik lantzea. Eta ez dute gezurrik esango, hala baita. Eta egia da, lanean nabarmendu duten bezalaxe, polizia-etxeak, kasernak eta ziegak «oso gune maskulinizatuak» direla –polizia gehienak gizonezkoak dira eta hamar atxilotutik bakarra da emakumea–, andreak (preso hartutakoak, noski) are zaurgarriago, ahulago, bilakatzen dituztenak. Eta arrazoi du Emakundek polizientzat eta abokatuentzat genero ikuspegidun formazioa eskatzen duenean.

Baina argudio, konstatazio eta egia horien gainetik, eta aztergai izan duten epealdiaren esanahiaren gainetik (2011n utzi zuen borroka armatua ETAk eta azken tortura salaketak 2012ko otsailekoak dira, bi gizonezkorenak), galdera bat: herri honetako polizia-etxe eta kasernetan izan dugun arazoa, emakumeari erreparatuta, uniformedunen «modu zakarrak» izan dira? Bai? Lakuako Gobernuak enkargatutako torturari buruzko txostenak 36 bortxaketa –lepoa jokatuko nuke gehien-gehienak emakumezkoak direla– jasotzen dituenean? Benetan?