Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Zaharrak berri

Urak arre datoz Madrildik. Kataluniako erreferendumak lehen pitzatuta zegoen 78ko erregimenaren armazoian arrakala handitu eta 155arekin erregimen koloniala ezarri du Bartzelonan.

Inkestek Ciudadanosi nagusitasuna ematen diote jada balizko hauteskunde estataletan. Horrek Alderdi Popularra eta naranjitoen arteko lehia bizitu baizik ez du egingo, joera zentralistak areagotuz. Podemos eta PSOE jokoz kanpo geratuko dira lehia horretan subiranisten eta Madrilen arteko jarrerak are gehiago polarizatuz.

Testuinguru nahasi horretan dator Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian estatus berriaren inguruko eztabaida. Ibex-35ak Ciudadanosen aldeko apustua egin du ideia zahar bat berria balitz bezala saltzeko: Estatuaren birzentralizazioa. Aznarrek eta FAESek ere maitte-maitte egin diote Riverari, ideia bat nagusitzen ari baita Estatuko aparatu batzuetan: 78an autonomien estatuarekin deszentralizazioa urrunegi joan zela.

Bitartean hemen alderdi batzuek nahi dutena esango dute, baina beldurtzen hasteko motiboak baditugu, eskura dugun burujabetza apurra ere arriskuan baitago panorama horretan. Bestela, zergatik mintzo dira EAJ zein PSE estatus berriaz aritzean autogobernua blindatu beharraz? Arriskuan ez dagoen zerbait ez dago berez babestu beharrik.

Auzia zera da, ea blindaje hori bermatzeko balizko mekanismoak onartzeko Estaturik badagoen lehen aipatutako lehia zentralistaren testuinguruan. Eta hor berriz ere dibergentzia bat gertatuko da: euskal gizartean autogobernua estimu handitan dagoen zerbait da. Horren defentsa egingo dute, beraz, alderdiek. Halaber, PPk eta Ciudadanosek Espainiaren defentsan potro handiagoak nork dituen erakutsi behar horretan hemen are hondarragoa izango da euren presentzia. Euskal gizartearen eta espainiarraren arteko aldea handituko da, hortaz. Madriletik Euskal Herrian behar eta nahi ez ditugun politikak aplikatzen jarraituko dute.

Panorama horretan, unikornio samarra da pentsatzea inteligenteena orain dugunaren defentsa soila egitea dela. Euskal gizartearen interesen defentsa egitea eta burujabetza osoaren defentsa egitea ezinbestekoa izango da.