J.L.
sokatira

Badaiotzek bigarren postua lortzea aski du 540ko txapela eskuratzeko

Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketan, hirugarren eta azkeneko jardunaldia jokatuko da nesken 540ko mailan. Jadanik bi jardunaldi jokatu dira; bietan Badaiotz izan da talderik onena, eta txapela lortzetik oso gertu dago talde gasteiztarra.

Une honetan bi puntu ateratzen dizkio bigarren postuan den Gaztedi taldeari. Hau izan daiteke arabarrei aurre egin diezaiekeen talde bakarra, baina ez du lan samurra izango. Irabazi beharra dauka, eta Badaiotzek azkena geratu beharko luke. Horrela irabaziko luke Gaztedik, baina orain arte ikusitakoa betetzen bada, ez dirudi hori gertatzea erraza izango denik. Badaiotzi, berriz, bigarren postua lortzeak balio dio txapela lortzeko. Orain arte ikusitakoaren arabera, postu guztiak finkatu samar daude. Arabarrez eta bizkaitarrez gain, Ibarra eta Beti Gazte ere ari dira lehiaketa honetan parte hartzen.

Gaurko saioa Bilboko Rekaldeko kiroldegian jokatuko da 17.00etan hasita, eta bertan mutilak ere arituko dira. 600 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute. Abadiño, Berriozar, Beti Gazte, Gaztedi, Antsoain, Murueta, Ibarra, Sokarri, Txantrea, Gabarri-Jutsi, Ñapurrak-Lagunak izango dira lanean jardungo diren taldeak. Bi multzotan banatuta arituko dira, eta bi jardunaldi jokatuko dituzte. Horren ostean, sei talderik onenak sartuko dira finalean.

Mutilek ez dute atseden hartzeko tarte handirik izango, bihar bertan beste jardunaldi bat jokatuko baitute. Azkoitiko Gurea pilotalekuan jardungo dira 640ko mailako taldeak, 11.30ean, eta bigarren jardunaldia izango dute. Ondorioz, aurreneko sei sailkatuek lortuko dute finalerako txartela.

Lehen jardunaldian Gaztedi izan zen onena, eta bere atzetik Beti Gazte, Sokarri, Ibarra, Ñapurrak-Lagunak, Gabadi-Jutsi, Zuraide eta Abadiño sailkatu ziren. Finalean izateko azkeneko aukera da.