Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - ACB LIGA

Gipuzkoa Basketek lan erdia egina luke Betis gaindituta

Estudiantes eta Real Madril bisitatuko dituzte Baskoniak eta Bilbao Basketek.

«Mailari eusteko eta beste helburu batzuei begira jartzeko ezinbestekoa da Betisi irabaztea». Delteco Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile Porfirio Fisacen hitzak dira. Sevillara bisita egin behar du talde donostiarrak gaur eguerdian 12.30ean, eta ezagun da aurrez azpimarraturiko hitzordua dela.

Izan ere, Betis da ACB Ligako sailkapeneko azkena, baita maila galtzeko aurreneko hautagaia ere; are gehiago, GBCk gaina hartzen badio. Hala balitz, donostiarrek lau garaipeneko aldea lortuko lukete, eta, horrez gain, bien arteko basket averagea ere bai, Illunben gipuzkoarrek 94-60 irabazi zuten-eta; hots, denboraldia garaipen kopuruan berdinduta amaituko balute, donostiarrek sailkapenean aurretik amaituko lukete.

Egia da, bestalde, Donostian egurra jaso zuen Betis eta gaurkoa ez direla berdinak. Entrenatzailea eta hainbat jokalari aldatu ditu talde andaluziarrak, eta aurreneko hamar partidak galdu arren, espabilatu da halakoren batean, eta Gipuzkoa basketek bezala, Betisek ere gaurko neurketa gorriz markaturik dauka, aurkari zuzenen arteko dema jokatuko baitute. Horren harira, donostiarren taldeko entrenatzailearen aburuz, «aurreneko zazpi garaipenak ahaztu eta hutsetik hasi» behar omen dute. Eta hargatik hain justu, gaurko neurketan jokoan dagoena «garaipen bat baino gehiago» ei da.

Neurketa honi begira Porfi Fisacek Dani Perez antolatzailea eta Joan Pardina hegalekoa berreskuratuko ditu, joan den domekan Real Madrilen aurka jokatu ezinik egon ondoren. Pardinak, hala ere, sudurra hautsita duenez, maskara batekin jokatu beharko du.

Madrilen goizez eta arratsaldez

Etxetik kanpo jokatuko dute Retabet Bilbao Basketek eta Saski Baskoniak ere; hauek, ordea, Sevillara joan beharrean, Madril dute jomuga.

Eguerdiko 12.30ean Real Madril ahalguztidunaren aurka jokatuko dute bilbotarrek. Joan den igandean Obradoiroren aurka belarrondoko galanta jaso zuten beltzezko gizonek. Orduko hartan bezala, gaur ere Mickel Gladness pibotak ezingo du jokatu, eta madrildarrek badute nahikoa baliabide bizkaitarren barruko jokoan min emateko.

Dena den, «lehiakor» izateari garrantzi handiagoa ematen dio Veljko Mrsic entrenatzaileak emaitzari berari baino. Obradoiroren aurkako neurketan asko nabarmendu zuen «bigarren eta hirugarren laurdenean erakutsitako energia falta», eta «halakorik berriro ez ikustea» eskatu zuen. Bestalde, «galdutako baloien kopurua mugatzea» nahi luke Bilbao Basketek Real Madrili aurre behintzat egiteko.

Arratsaldean, 18.30ean, Saski Baskoniak Estudiantesi egingo dio bisita. Euroligan Malagan irabazita eta Koparako sailkatuta, ACB Ligako bigarren itzulia gogor hasteko gertu daude Pedro Martinezen mutilak. Besteren gainetik, Salven Landesberg hegalekoa geldiarazi beharko dute gasteiztarrek. Honen punturik ezean, madrildarrek larregi sufritzen baitute.

Beteranoak garai bateko etxera doaz bisitan

Real Madrili eta Estudiantesi bisita egitea berezia da talde horietan jokatu dutenentzat. Alex Mumbrurentzat, batik bat; denboraldia amaitzean erretiroa hartuko du Badalonako hegalekoak eta 2002tik 2009ra –bi garaitan– zurien jokalari izan zenak azken aldiz zapalduko du Real Madrilen kantxa. «Eguneroko lanaz nostalgiari aurre egiten» saiatuko dela dio Mumbruk.

Jayson Granger, berriz, Estudiantesen harrobian egin zen profesional, 2005etik 2013ra. Turkian ibili ostean, etxetik osteratxoa egingo du hegoamerikarrak. A. G.