Oihua sentituegin behar da
Azalpenak ematen hasiz baxu eta era pausatuan mintzatu zitzaidan, eskolan irakurtzen hasten den haurrak koma topatu eta boteprontoan gelditzeko sumatzen duen beharra izango balu bezala, hitzez hitz... Sakon arnastu eta jarraitzen zuen kontakizunarekin, hitzez hitz. Inor asaldatzeko modukoa zen pausoz pausoz gutxinaka azaldutako istorioa, haserretzekoa, oihukatzekoa nire begietara; baina ez, berak nahiago zuen lasai eta ondo ahoskatuz azaltzea. Hala egin behar omen dira inork ulertzea nahi ditugun hitzak. Builak eta zalapartak, bere esanetan, egiten ditugun hitzen esanahia narrasten dutelako, mezua ezkutatzen dutelako... Haserrea izan egin behar omen delako eta ez agertu.
Baina erakutsi erakusten dugu eta nola gainera. Aspaldian ingurua haserretua agertzen da. Eskola atarian, aita bat umeari behar baino ozenago ari zaio oraindik ere ezagutzeko betarik izan ez duen arau bat hautsi duelako. Telebista piztu dut eta albistegian haserretuta agertu direnak zenbatu ditut: bat, bi, hiru... ia gehienak hasierako tartean. Goizean bidegurutze batean haserre ikusi dut gidaria; ez diogu entzun, baina indarrez eta eskuak gora eta behera darabiltzala mintzatu da, beste gidariak haserre zegoela uler zezan nahi zuen; ez du ezer esan nahi, kikildu egin nahi du. Inguruan ere sumatu ditut haserrez eta oihuka mintzatu direnak baita haserrez mintzatuko liratekeenak ere.
Eta akordatu naiz behin eta berriz emakume jakintsu hark esandakoaz: oihuak mezua isiltzen du, mezurik eta arrazoirik izatekotan. Oihua sentitu egin behar da.