J.L.
sokatira

Lesakako Beti Gaztek eraman du 640ko txapela

Beti Gaztek irabazi zuen Goma gaineko Euskal Herriko Txapelketako txapela 640ko mailan. Lesakako taldea zen Gaztedirekin batera finala irabazteko faboritoa, eta zuri-berdeek ez zuten hutsik egin.

Nafarrek jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, eta horrekin txapela lortu ahal izan zuten. Ibarra sailkatu zen bigarren postuan. Gipuzkoarrek Beti Gazterekin galdu egin zituzten bi tiraldiak. Gaztedirekin, berriz, berdindu egin zuten bi tiraldi gogorren ostean, eta gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten.

Podiuma Ñapurrak-Lagunak taldeak osatu zuen. Lapurtarrek Ibarrarekin eta Beti Gazterekin galdu egin zituzten bi tiraldiak. Gaztedirekin, berriz, berdindu egin zuten, tiraldi bana irabaziz, eta gainerako talde guztiei irabazi egin zieten.

Sokarrirentzat izan zen laugarren postua. Bizkaitarrek Gaztedi eta Zuraide hartu zituzten mendean, eta gainerako talde guztiekin galdu egin zuten. Beste faborito nagusia, Gaztedi, sailkatu zen bosgarren. Zuraideri irabazi egin zion, eta berdindu egin zuen Ñapurrak-Lagunak eta Ibarra taldeekin, eta gainerakoekin galdu egin zuen. Ibarrarekin egin zituzten bi tiraldiak oso gogorrak izan ziren, eta bikainak zaleentzako. Sailkapena Zuraidek itxi zuen, jokatutako tiraldi guztiak galduta.

Martxoan jokatuko da Munduko Txapelketa, eta jadanik taldeak hari begira jarrita daude. Orain hiru jardunaldi besterik ez dira geratzen lehiaketa hau amaitzeko, eta ondorengo bi asteburuetan dena bukatuko da. Datorren larunbatean Ibarran jokatuko da mutiletan 600 kiloko finala, eta nesketan, 500eko mailan, ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko da.

Otsailaren 26an Laukizen 560ko finala jokatuko da mutiletan eta jardunaldi bakarrera izango da, gainera. Nesketan, 500eko hirugarren eta azkeneko jardunaldia jokatuko da. Azkeneko finala otsailaren 27an izango da, Bilbon.