Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Hauts harrotu bizigarriak

Onartuko dut izugarri gozatzen ari naizela mugimendu feministak martxoaren 8rako deitu duen greba, emakumezkoona, eragiten ari den eztabaida askotariko eta piloarekin, batez ere arrazoi horregatik eragiten ere: emakumeok eta soilik geu deituak gaudelako. Esparru publikoan edo ofizialean baino, alderdi politikoei eta sindikatuei eta pentsalariei eta kazetariei-eta entzunez, esparru lurtarragoan ari naiz disfrutatzen, inguru-ingurukoei arretaz adituz, haiekin batzuetan epelago batzuetan sutsuago ika-mikan, eztabaida beharrezko eta sano askoan. Feminismoaz, oro har, aspaldian ez bezala.

Ehunka aitzakiapean guztiaz paso egiten duten ohiko horien arrakala ezinezkoa bazter utzita –besteren odolaren kontura onurak jasotzeko zain bizi diren zorrien ele-melea ez zait-eta piperrik interesatzen–, liluratuta nago hauekin guztiekin: lanuzteen aldeko batzuen muturreko babesarekin... beste batzuen, bai, noski, eta zelan zehazki horrek ekintzarekin zeharo bat egitea eragozten dien; haragokoen ezkuta ezinezko trufazko berbekin –benetako minik sortu nahi gabe, edo apurtxo bat bai– esanez «zein xarmagarriak zareten mundua geldituko duzuelakoan»; besteren amorru-puntuaz, botereari aurre egiteko jardunean baztertuak eta gutxietsiak izaten ari direla sentitzen dutelako…

Suspergarriak dira joandako martxoaren 8 orok honela harrotu gabeko hauts hauek! Izan ere, egun haietako batek ere ez zuen eragin oraingo interpelatu-sentsazioa, bai emakumeon (ere bai, bai) bai gizonezkoen artean. Ordukoetan, onenean, egingo genuen bat nolabait eguneko aldarrikapenekin, joango ginen ahal izanez gero manifestaziorik gertukoenera, sinatuko genuen adierazpenen bat edo beste, parte hartu ere hartuko genuen parte jardueraren baten antolaketan… Baina emakumeen nazioarteko egun haiek ez gintuzten emakumeok mundua geldiarazteko ataka zoragarrian jarri, halako erronka ekarri, eta ez zituzten gizonak han-hemenka, hemen eta oraingoaz, honen modu konkretu eta urgentean pentsatzera eta arduratzera eta erabakiren bat hartzera bultzatu: eta gu, zer, nola jokatuko dugu gure lankide, bikotekide, senide, lagun… alegia, gure mundua diren emakumeen* plantoaren aurrean? Bada, hortxe ari naiz izugarri gozatzen ohiko formalismoak edo itxurakeriak elurra bezala nola desegiten ari diren ikusten. Zer den hautsa norberaren gainera etortzea, ezta?