EDITORIALA
EDITORIALA

Ondare nazional haragitua

Eloi Uriarte, 76 urteko soraluzetarra, euskal errefuxiatu politiko ohia da, urrezko belaunaldi bateko partaidea. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan mende erdiz jardundakoa. Frankismoaren azken urteetan erbestera jo behar izan zuen, beste milaka militante abertzalek bezala. Hainbat aldiz atxilotu eta beste horrenbestetan konfinatu dute, hainbat burkide heriotza eskuadroiek hil dizkiote, bera hiltzen ere saiatu dira. Borrokan erori diren edo Estatu aparatuek hil dituzten militante askok ez dute hemen egoterik, erbestean segitzen dute beste hainbatek, soluzio baten zain baina ez geldi, eta, beste asko, ehun eta berrogeita hamarren bat, bueltatu dira dagoeneko euren herrietara.

Bizilegearen aginduz, itzaltzen doan belaunaldi oparoa osatzen dute. Aberria askatzeko borrokari guztiz emana, bere pasarte eta bidegurutze askoren protagonista. Beste hitz batzuetan esanda, ondare nazional haragitua. Bildu, aditu, ikasi eta datozen belaunaldietarako eredu izan beharreko borroka esperientzien eta bizipenen altxor. Iragana, irakasgaiz lepo dago. Haiek dakitena eta erakusteko dutena oraina lantzeko lanabes da. Eta utzi duten eredua, etorkizun berri bat borrokatzeko ildoa, jarrera.

GARAko orrialdeotan Uriartek emandako lekukotza latza da, baina baita samurra ere. Euskal preso, errefuxiatu eta deportatuak etxeratzea ez dela erraza izango, estatuek ez dutela bide hori erraztuko dio. Hori, baina, ez dela zain, bertan geldi eta ikusle egoteko aitzakia. Besteek egingo dutenaren esperoan baino, aliantza herritar handi baten eskutik, baldintza berriak sortzeko lana egiteko ordua dela. Indar eta erabaki propioetan sinetsita. Eta gogomira harago jarrita, mezu argia eta argitzailea uzten du: hemen, hartutako erabakiekin, ez da ezer bukatzen, ez da atea ixtea, giltzak itsasora botatzea eta nor bere etxera joatea. Beste ziklo bat zabaltzen ari da, jarrera aproposa eta lan asko eskatzen dituena. Ateak irekitzen segitzeko, aurrekoa sano eta oinarri egokiekin ixtea da giltza.