Asier AIESTARAN
PILOTA

Sendotasuna... eta talentua

Garaipen bikaina Olaizola eta Imazentzat: gutxi galduta, defentsari esker... eta tanto ederrak eginda.

OLAIZOLA II.A-IMAZ 22

ALTUNA III.A-MARTIJA 17


Aimar Olaizolak eta Ander Imazek merezita batu zuten lehen puntua Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkan. Asegarceko ordezkariek bikote sendoa osatzen dutela erakutsi zuten berriz ere, eta 22-17 menderatu zituzten Jokin Altuna eta Julen Martija, aspaldiko partez leporaino bete zen Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Ez zirudien halakorik gertatuko zenik urdinak aitaren batean markagailuan 0-5 aurreratu zirenean. Imaz oso urduri sartu zen partidan eta Jokin Altunak bikain baliatu zituen bere aukerak aurreko zuloan. Baina ikuskizunarentzat zorionez, gorriek azkar eman zioten buelta egoerari, eta are azkarrago heldu zen erantzuna: sei tantoko partzial batekin 6-5 agintzera igaro ziren. Hori dena 12 minutuan eta 101 pilotakada soilik jota.

Hortik aurrera, ordea, neurketa asko gogortu zen, piloteoak asko luzatu ziren, eta ikusleek bete-beteko norgehiagokaz gozatu ahal izan zuten, tanto ikusgarri askorekin. Urdinek abantaila batzuk izango zituzten oraindik (7-10ekoa argiena), baina atzean Imaz Martijari bizkarra erakusten hasia zen eta partidaren kolorea nabarmen aldatzen. Aimarrek txokoan bikain bukatutako bi tanto luze eta gogorren ondoren, gorriak 12-11 aurretik iritsi ziren lehen atseden luzera. Ordurako 389 pilotakada joak zituzten eta bitartekariak gorri kantatzen hasi ziren, kantxa gainean ikusten zen aldaketaren erakusgarri.

Joera antzekoa izan zuen neurketak bigarren erdi osoan, eta abantaila ia beti gorriena izan zen. Hala ere, urdinek lortu zuten markagailua 17ra berdintzea, nahiz eta Altunari gero eta gehiago kostatzen zitzaion tantoa amaitzea eta Martijaren aurpegian neke handia sumatzen zen. Hain zuzen ere, 17-17ko horretatik zuzen-zuzenean joan ziren 22-17kora Olaizola eta Imaz, biak ere tanto ikusgarriak jokatuta –aipagarria Imazek dejadaz egindako 14-12koa eta oiartzuarrak defentsan txokoan eramandako pilotak– eta majo gozatu zuten ikusleen txalo artean.

«Hemen egotea jada gauza handia da niretzat, eta finalerdietako aurreneko puntua lortzea, zer esanik ez. Hasieran kosta egin zait partidan sartzea, baina gero Aimarrek asko lagundu nau eta ni ere hobeto aritu naiz», zioen pozik Imazek amaieran. Urdinak, tristeago, materialarekin haserre samar zeudela nabaritu zen.

Horrela bada, bigarren jardunaldia horrela geratzen da: datorren larunbatean Labriten lehen jardunaldiko bi irabazleek jokatuko dute elkarren aurka, Olaizola II.a-Imaz eta Elezkano II.a-Rezusta bikoteek; eta igandean Eibarren bi galtzaileen artekoa jokatuko da, Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija.

Salaverri min hartuta

Jaialdiko berri txarrena lehen partidan heldu zen. Ruben Salaverri atzelari errioxarrak min hartu zuen bera eta Julen Retegi Mendizabal III.a eta Merinoren kontra 6-13 galtzen ari zirela, eta lehia bertan behera geratu zen.